Bertso eskolak

Entrenatzen direnak, eta ez

Miren Garate.
2019ko azaroaren 15a
10:50
Entzun

Izan du Unai Mendizabalek bertso saio jendetsuetan kantatzeko aukera. Ekitaldiren batean, jendetzaren aurrean bertsoren bat edo beste botatakoa da Eñaut Martikorena ere. Final-laurdenetan, bete-beterik zeuden aretoetan kantatu behar izan dute. Alabaina, orain, beste koska bat gora egingo du jende kopuruak, mila lagunetik gorako edukiera baitute aukeratutako pilotaleku eta kiroldegiek. Orain arte, hainbeste jenderen aurrean inoiz bertso saiorik egin gabekoak dira bi bertsolariak, baina horrek ez ditu gehiegi kezkatzen. “Ez dut gehiegi pentsatu horri buruz”, dio Martikorenak. Mendizabalentzat, oholtzara igo aurreko uneak izaten dira okerrenak. “Oholtzan, normalean kontzentratuta egoten gara, geure barrura bilduta, publikoaren erantzuna eta txaloak jasotzen ditugu, baina gehiago egoten gara barrura begira kanpora begira baino”.

Jende kopuruan ez ezik, ariketetan ere egongo dira aldaketak, eta bertsolariak bertso eskolan ari dira horiek lantzen. Zortziko handian beharrean, hamarreko handian hasiko dira fase berrian. “Puntu bakarreko aldea da, baina betetzerakoan-eta igartzen da aldea. Uste dut xelebre samar joan daitezkeela ariketak; neuregan eta ingurukoengan, behintzat, hori sumatzen dut”, esan du Martikorenak. Neurri horretako doinuak bakarkakoan ere erabili ohi direnez, entzuteko ere ofizioak arraro antzera gera daitezkeela uste du. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, finalaurrekoetan bakarrik egongo da ariketa hori.

Puntukako ariketa da fase honetan egin beharreko beste ariketetako bat, orain arte egin ez dutena. “Berez, gustatzen zait ariketa, baina entrenatzeko zail samarra geratzen da bertso eskolan, beste ariketetan baino gehiago eragiten duelako publikoaren erreakzioak, eta bertso eskolan geu bakarrik egoten garelako”. Mendizabalek ere atsegin du lan hori. “Egiten ditudan plaza ia guztiak librekoak dira, eta horietan oso gustuko dut puntuka aritzea. Oraingoan, gaiarekin izango da, eta arrotza egiten zaigu hori, baina ez diot aparteko beldurrik”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.