Entzierro laburra eta garbia

2009ko uztailaren 7a
16:44
Entzun
Laburra (bi minutu eta erdikoa) eta garbia izan da Iruñeko sanferminetako aurreneko entzierroa. Alcurrucen ganadutegiko zezenek korritu dute gaur; laugarren aldia zuen ganadutegiak Iruñean eta aurten ere ez dute adarkadarik eman hango zezenek.

Kolpeekin hiru lagun erietxera eraman dituzte -batek buruan du kolpea eta beste bik gerrialdean- eta beste bat besoa zaurituta, eta eguerdian jaso dute sendagiria. Espainiako (Madril), Herrialde Katalanetako (Castello), AEBetako eta Eskoziako lagunak dira laurak.

Hasiera motel samarra izan dute zezenek, baina Udaletxe plazarako bat aurretik zen. Dena dela, Mercaderes hasieran erori egin da, eta bihurgunean atzera batera ziren. Ondo hartu dute bihurgunea, erortzeke. Estafetan pare bat zezen pixka bat atzeratu egin dira, baina ez da aparteko ezer jazo. Zezen-plazan ere ez. Ganadua iristerako gazte bat kailejoia pasatu eta berehala lurrean seko zegoen, aurretik kolpea hartuta, baina zezenak ez dira harengan erreparatu.

Entzierroak

Uztailak 7 (gaur). Ganadutegia: Alcurrucen. 2.30eko iraupena. Adarkadarik ez. Zauritu larririk ez.

Uztailak 8 (bihar). Cebada Gago.

Uztailak 9 (etzi). El Vetorrillo.

Uztailak 10 (ostirala). Jandilla.

Uztailak 11 (larunbata). Dolores Aguirre.

Uztailak 12 (igandea). Miura.

Uztailak 13 (astelehena). Fuente Ymbro.

Uztailak 14 (asteartea). Nuñez del Cuvillo.

"Ondo atera da" entzierroko euskarazko kantaren esperientzia

Aurten lehen aldiz euskaraz kantatu diote entzierroko korrikalariek San Fermini, eta antolatzaileek gustura bukatu dute. Santo Domingo hasieran abestu dute, ohi bezala, "eta han zeuden gehienak Euskal Herritik kanpokoak zirenez, ez zuten ekimenaren berri; bai, ordea, bertako jendeak, eta ondo atera da", esan du Josu Azurmendi korrikalariak.

Emailez bidali dizkiete hitzak Iruñeko eta inguruetako hainbat korrikalariri, hitzak ikasten joan daitezen, baina badaezpada panelak ere jarri dituzte Santo Domingoko aldapan entzierroa hasi baino lehen.

Orain arte gazteleraz soilik abesten zioten baina, peñen ekimenez, aurten euskaraz ere abestu diote santuari. Hala egingo dute gaurtik. Gazteleraz kantatu dute lehen kantua, eta euskaraz erantzuna. Hirutan izan da hala, 7:55an, 7:57an eta 7:59an.

Hauek izan dira hitzak:

=iEntzun arren San Fermin,

Zu zaitugu patroi,

Zuzendu gure oinak

Entzierro hontan otoi.=i

Info7 irratiaren webgunean entzun daiteke, hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.