Erantzuna, "uste baino azkarrago"

2013ko urriaren 19a
17:45
Entzun

Fagor Etxetresnen geroa ez da lau hilabete barru jakingo, "egun batzuk" barru baizik. Espainiako konkurtso legearen aurrekoak epe hori ematen du, baina Frantziakoak ez, eta Fagorrek lau lantegi ditu han, Orleans, Vendome, Aizenay eta La Rochen. Hango hartzekodunek konkurtso legea derrigortu dezakete luze gabe —ordainketak egiteari uzten zaien arabera—, eta, hori ikusita, Fagor Etxetrenesnen zuzendaritzak, Carlos Treviñok eta Xabier Bengoetxeak, berregituraketa plana diseinatu, eta inbertitzaileak aurkitzeko epe labur bat jarri dute helburu. Lortzen ez badute, borondatez joko dute konkurtsora, inor behartu gabe. «Uste baino azkarrago jakingo da Fagorrekin zer gertatuko den», esan dio BERRIAri Arrasateko bazkide batek.

Erronka ez da txikia. "Puzzle handi bat da Fagor", dio langileak. Zuzendaritzak azaldu du inbertitzaile bat aurkitzea «ezinbestekoa» dela aurrerra egiteko, beste modu bateko Fagor batekin bada ere. Berregituraketa ahalbidetuko lukeen salbatzailea aurkitzeko ahalegina ari da betetzen zuzendaritzaren agenda, eta Fagorrek Poloniako lantegi batean bazkide duen Txinako Haier multinazionalean jarri dute esperantza. Lerro zurian, munduko lidergoa du Haierrek.

Inbertitzailea topatzea puzzlearen pieza bat baino ez da, ordea. Jaurlaritzarekin ere harremanetan daude, Gasteizek ekarpena egin beharko lukeelako berriro —maiatzean 40 milioi eurotik gora eman zituen—; laguntza zuzenak ez badira, beste modu batera. Espainiako Industria Ministerioak ere lagundu beharko luke maila batean. Osagai horiek guztiek bat egin beharko lukete Fagor Etxetresnak berriak argia ikusteko.

Zorraren ardurak

Enpleguaren galerak ez ezik, zorrarekiko ardurak kezkatzen ditu gehienbat bazkideak. Gakoa da, hain zuzen, zorra ordaintzean bazkideek zein mailatan galduko lituzketen euren ondasunak. Kooperatibari egindako jatorrizko ekarpena eta kapital horrek sortutako aberastasuna bazkide bakoitzaren liburuxkan —erretiroa hartzean kooperatibistek ateratzen duten dirua— galduko lukete. Ekarpenen kopurua zorraren zuloa estaltzeko iritsiko ez balitz dena galduko lukete. Eta bestelako ondasunak? "Inork ez digu erabat konfirmatu ez direla ukituko", dio Arrasateko kooperatibista batek. Zaila ematen du suteak bazkideen ekarpenetatik haratago joatea, baina, "adibidez, enpresaren kudeaketa oker bat frogatuko balitz», dio bazkideak, «nork segurtatzen du hori ezin dela gertatu?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.