Atentatua Boluetan / Erreakzioak

Erasoa gaitzetsi dute hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragilek

2006ko otsailaren 22a
18:58
Entzun
Boluetako Barrenetxea Goiri enpresaren aurkako erasoa gaitzetsi dute alderdi politiko, sindikal eta gizarte eragileetako hainbat ordezkarik. Leherketak ez du zauriturik utzi baina kalte material handiak eragin ditu.

Eusko Jaurlaritza: ETAren asmoa enpresaburu eta negozio jabeei xantaia ekonomikoa egiten jarraitzeko beldurra hedatzea da. Gogor gaitzetsi du Barrenetxea Goiri enpresaren aurkako erasoa eta elkartasuna agertu die euskal enpresaburuei, "beraiek izan baitira ETAren azken erasoen jomuga". Era berean, indarkeria, xantaia eta mehatxuak utzi eta "gizarteari elkarriketarako bidea abiatzen uzteko" eskatu dio ETAri.

Espainiako Gobernua: Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak "irmotasunez" arbuiatu du Boluetako erasoa Espainiako Gobernuaren izenean. Ohar baten bidez, Barne Ministerioak, Poliziak eta Guardia Zibilak "orain arte egin duten bezala" ETAren aurka lan egiten jarraituko duela adierazi du Alonsok.

Confebask: Confebask EAEko enpresaburuen elkarteak ere ohar baten bidez errefusatu du Boluetako atentatua. "Gizartean sortu nahi den itxaropena iluntzen dute", Confebasken hitzetan, horrelako erasoek. Hori dela eta, "ekintza armatu guztiak" bertan behara uzteko eskatu dio ETAri. Enpresaburuen elkartearen hitzetan ETAk Barrenetxea Goiri enpresaren aurkako erasoarekin "berriro ere, erakusten du ez dituela oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatzen".

Cebek:Bizkaiko patronalak betirako desagertzeko eskatu dio ETAri. Era berean, indarkeria eta estorsioa behin betirako uzteko exijitu dio.

PP:Bizkaiko PPko presidente Antonio Basagoitik gaur baieztatu du eraso berri honekin argi geratu dela ETAren asmoak ez datozela bat Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak gizartean zabaldu nahi duen itxaropenarekin. Euskal enpresaburuen aurkako estortsioarekin ETAk "erakusten du bere estrategia terrorista mantentzen duela eta PSOEren Gobernuaren elkarrizketak bere ekintza armatuak indartzen dituela". Era berean, Basagoitik elkartasun osoa helarazi die euskal enpresaburuei.

Aralar:"Ez dio ezer onik ekartzen normalizazio politikoari", adierazi du Aralarrek Boluetako atentatua gaitesteko bidalitako ohar baten bidez. Era berean, euskal gizarteak eskatzen duen elkarbizitza oztopatzen duela iritzi dio. Aralarrek azaldu duenez, "ezker abertzaleko gehiengoak" ere elkarbizitza hori eskatzen du. Euskal Herriko gizartearen aurkako eraso berria izan da Boluetakoa Aralarren hitzetan eta ETAri iraganeko akatsak berriro ez errepikatzeko eskatu dio.

Ezker Batua:Julia Madrazo EBko bozeramailearen hitzetan "bake prozesuarentzat oso arriskutsua izan daiteke azken egunetan talde terrorista burutzen ari den eraso andana". EBk Boluetako erasoa kritikatu du eta Julia Madrazok azpimarratu duenez, "ez Euskadik, ez Bilbok ez eta bere herritarrek ere, ez dute merezi ETAk euren segurtasuna, lasaitasuna eta ongizate ekonomikoa arriskuan jartzerik".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.