Baziren egunak Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen osasuna larri zebilela, eta azkar zabaldu zen horregatik atzo arratsaldean albistea. Hil eta denbora gutxira heldu ziren atzo alderdi eta erakundeen erreakzioak. Dolumina azaldu zuten guztiek, eta alkatearen nortasun berezia eta haren heriotzak utziko duen hutsunea nabarmendu zuten gehienek.
EUSKO JAURLARITZA
«Etengabe egin zuen lan Euskadiren garapenaren eta gizarte ongizatearen alde»
Azkunaren ardura eta konpromisoa nabarmendu ditu Eusko Jaurlaritzak, baita hainbat urtez gaixotasunari aurre egin behar izan dionean ere. Jaurlaritzaren hitzetan etengabe aritu zen lanean Bilbo «abangoardista eta moderno baten alde», eta «Euskadiren garapena eta gizartearen ongizatearen alde».
IÑIGO URKULLU Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria«Jarrera zorrotzarekin eta bere ereduarekin, konpromisoaren duintasuna gorpuztu du»
«Inork baino hobeto uztartu zituen konpromiso pertsonala eta gizartearen aldeko lana», Urkulluren hitzetan. «Medikuntzak pertsonengana hurbildu zuen, eta kudeaketa politikoak lagundu zion bere bokazio publikoa Euskadiren zerbitzura jartzen». Gainera, «benetako abertzalea» izan dela dio, «egunero denontzako herri hobea eraikitzeko lanean murgildu dena». «Bere jarrera zorrotzarekin eta eredu pertsonalarekin, konpromiso politikoaren duintasuna gorpuztu du».
JOSE ANTONIO ARDANZA Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia
«Sailburu izan zenean osasun maila oso altu utzi zuen»
Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak Azkunarekin zuen laguntasuna nabarmendu du: «Horrek ematen dit min handiena. Duela egun gutxi egon nintzen harekin, berak hala deituta agurtu nahi ninduelako. Beste bizitzan elkar ikusiko dugula esan genion elkarri». Alkatearen profesionaltasuna azpimarratu du: «Zortzi urtez sailburu izan zen, eta gure osasun saila oso altu utzi zuen, eta hortik aurrera munduko alkate onena». Baina denek ez zutela maite ere aipatu du, nortasun indartsua zuelako.
PATXI LOPEZ PSE-EEko idazkari nagusia«Betetzeko zaila izango den hutsune bat utziko du»
Azkunak utzitako hutsunea nabarmendu du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari oihak. Twitter bidez azaldu du dolumina. «Iñaki Azkuna, azkenera arte alkate eta figura. Betetzeko zaila izango den hutsuneautzi du. Goian bego».
AITZIBER IBAIBARRIAGA Bilduren bozeramailea Bilboko Udalean
«Banatzen gaituen guztiaz gain, pentsatzen zuena argi esatea aitortzen diogu»
Alkatearen «lagun, senide eta alderdikideei» doluminak azaldu, eta Azkunaren bi alor nabarmendu ditu EH Bilduko zinegotziak: «Nola borrokatu duen amaierara arte bere gaixotasuna», eta beti izan duen «argitasuna». Bere ideietan eta «defendatzen zuen horretan argia izatea» aitortu dio: «Banatzen gaituen guztiaz gain, pentsatzen zuena zintzoki, argi eta garbi esatea».
JOSE LUIS BILBAO Bizkaiko ahaldun nagusia«Lagun, alderdikide eta alkate handi bat galdu dugu»
«Tristura handia sortu digu, ez soilik maila pertsonalean, baita alderdikide eta alkate handi bat ere». Hitz horiekin gogoratu nahi izan du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak Azkuna, eta bere jarduna azpimarratu: «Bilbo eta Bizkaiari disdira eman dio, eta hori bere biografian eta gure istorian idatzita geratuko da, gure artean egon ez arren». Alkatearen izaera «gogorra» eta izaera «enblematikoa» ere gogoratu du.
JON ETXEBERRIA Osakidetzako zuzendari nagusia
«Osasungintzan aritu garenentzat liderra izan da»
Osakidetzako lehenengo zuzendari nagusia ere izan zen Azkuna, eta hori aipatu du Jon Etxebarria egungo Osakidetzako egungo zuzendari nagusiak. «Miresmena» sentitzen duela hura gogoratzean. «Osasungintzan aritu garenentzat liderra izan da». Azkunarek egindako lana ere txalotu du. «Berrantolaketa etorri zen sisteman, eta hor kudeaketan ahalmen handia eduki zuen».
ANDONI ORTUZAR EAJren EBBko presidentea«Iñaki zerbitzari publiko eredugarria izan da»
Eredugarria izan da Azkuna Ortuzarrentzat: «Iñaki zerbitzari publiko eredugarria izan da. Erkidegoan sinesten zuen, gizartean, bere herrian». Hain zuzen, horregatik, «bere bizitza eta ahalegin guztia» herriari eskaini ziola goratu du: osagile gisa lehenik, politikan gero. «Unibertsaltasuna» defendatzen bazuen ere, «oso euskotarra» zela dio Ortuzarrek; «abertzale atipikoa, baina abertzale handia. Bere betiko alderdian jarraitzen dugunok ondratu beharko dugun ondarea utzi du».
JUAN CARLOS BORBOIKOA Espainiako erregea
«Bilboko alkatearen galeragatik dolumin sakonenena familiari»
Hilaren 2an egon zen Juan Carlos Borboikoa alkatearen etxean azkenekoz, hirian egindako ekonomia foroaren harira. Familiari bidalitako mezu batean dolumina azaldu du Espainiako erregeak.
ALFREDO PEREZ RUBALCABA PSOEko idazkari nagusia«Alkate bikaina, eta pertsona ezin hobea izan da»
PSOEko idazkari nagusiak Twitter bidez esan du «alkate bikaina eta pertsona ezinhobea» izan dela Azkuna. Era berean, Eduardo Madina Espainiako Kongresuko sozialisten talde parlamentarioko idazkari nagusiak ere doluminak azaldu dizkio alkatearen familia eta EAJko alderdikideei. Carmen Chacon Espainiako Defentsa Ministro ohiak ere Azkunaren goraipatu du: «Alkate gisa egindako lanagatik zirrara eragin zidan, baina ez hori bakarrik, pertsona bikaina ere izan zen».
ATHLETIC
«Dolu eguna da gaurkoa, baita bere figura aitortzekoa ere»
Athleticek doluminak eman dizkio Azkunaren «senideei eta ordezkatzen dituen erakundeei». Webgunean eskegitako komunikatu baten bidez esan du Bilbo eta Bizkaiarentzat dolu eguna izan dela atzokoa, baina baita «bere figura aitortzekoa» ere.
IGNACIO GALAN Iberdrolako presidentea«Bilbon eraldaketa zuzendu du hirigintza, turismoa eta negozioei dagokionean»
Alkatearen figura goratu du Iberdrolako presidenteak: «Iñakiri esker, konpainia elektrikoa euskaldunagoa da». Bilbok izan duen eraldaketa zuzentzerakoan, kudeaketarako izan duen gaitasuna txalotu du. «Ez soilik hirigintzan, baita turtismoan eta negozioen munduan ere».