ERREAKZIOAK. Batzarre: "Batasunak ez du egin etikoki eta politikoki eskatu beharreko gutxieneko bidea"

2010eko otsailaren 26a
18:20
Entzun
NaBaiko bazkide Batzarrek ez du ongi hartu proposamena. Ioseba Ezeolazak adierazi du oraindik "zalantzan" daudela giza eskubideak Euskal Herrian, eta, horiek horrela, NaBaik ezin duela ezker abertzalea bere baitan hartu. "Batasunak ez du egin etikoki eta politikoki eskatu beharreko gutxieneko bidea", esan du Ezeolazak.

Ezeolazak gainera kezka agertu du eskaintza egiteko moduaz. Haren arabera, atzoko bileran Aralarrek ez zuen ezer esan proposamenaz, eta gaur agiri bidez egin du eskaintza. "Arazoa dago: edo ez dira serioak NaBairen exekutibarekin, edo proposamena ez da serioa". Aralarren eskaintzak eta hura egiteko erak NaBairen irudiari kalte egingo ote dion beldur da Ezeolaza. "Ez gaitu barne egoera txarrean uzten, badaudelako gai larriagoak. Baina irudi publiko eta politiko txarra utzi digu".

UPNk eskaintzari buruz duten jarrera argitzeko eskatu die Nafarroa Bai koalizioko kideei. "Publikoki esan beharko dute prest dauden Batasunarekin koalizioa egiteko, hark ETAren hilketak gaitzetsi gabe jarraitzen duenean eta ETAri eskatu ez dionean atentatuak egiteari uzteko", adierazi du UPNko idazkari nagusi Carlos Garcia Adanerok. Haren arabera, "erradikalizatzen" ari da NaBai.

UPNren ildo beretik mintzatu da PSN, Nafarroa Bairi "argibide gehiago" eskatuz. Maria Chivite alderdiaren eskualde batzordeko bozeramaileak esan du Nafarroa Bai "etengabeko noraezean" dagoela, eta "titularrak soilik" bilatzen dituela "Nafarroako gizartearentzat ez duelako proiektu baliagarririk".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.