Erreakzioak: Egibar (EAJ), Urizar (Bildu), Basagoiti (PP) eta Lopez (lehendakaria, PSE)

2011ko uztailaren 29a
16:12
Entzun

Egibar: "Hauteskundeek bake prozesuaren atzeraezintasunean eraginik ez izatea espero dut"

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak esan du gustatuko litzaiokeela hauteskunde prozesuek eraginik ez izatea bake prozesuaren atzeraezintasunean. Egibarrek ohartarazi du hauteskunde garaiak ez direla prozesu zailak egonkortzeko unerik onenak izaten.

Egibarrek kazetarien bidez jakin du hauteskundeak aurreratzen direla, Eusko Jaurlaritzan egiten ari zen prentsaurreko batean bere iritzia galdetu diotenean. EAJko bozeramaileak erantzun du Zapaterok legealdi amaiera baliatu behar lukeela bake eta normalizazio prozesu bat egonkortzeko bidean urratsak emateko. "Denborak urrea balio du", esan du.

Zapateroren gobernuaren egoera "ahula" dela esan du Egibarrek; "beharbada alderdiak berak derrigortuta iragarri behar izan du hauteskunde orokorren deialdia".

Azkenik, azaldu du erabaki honek ez duela inolako eraginik izango EAJren baitan abuztuaren 30etik aurrera egin behar dituzten hauteskundeetan.

Bildu hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri du Urizarrek

Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta Bilduko bozeramaileak iragarri du Bildu Espainiako hauteskunde orokorretan egongo dela, "Sorturekin edo Sortu gabe". Urizarrek azaldu du bakerako eta burujabetzarako apustuan erreminta guztiak eta ahal diren erakunde guztiak baliatu behar dituztela.

Onda Vascan emandako elkarrizketa batean Urizarrek azaldu du Aralar Bildurekin batera hauteskundeetara koalizioan aurkeztearen proposamena oraindik behintzat "ponentzia politiko bat soilik" dela eta, beraz, itxaron egin beharko dela onartzen den edo ez jakiteko. Alderdiaren zuzendaritzak zuen asmoa publiko egiteaz gain, berairi behintzat ez dietela eskaerarik egin zehaztu du Urizarrek.

Urizarrek esan du Sorturen inguruko epaia Bilduren baitan sartzeko denboraz iristea gustatuko litzaiokeela. "Behingoagatik Euskal Herriko indar guztiek askatasunean aurkezteko aukera egukitzeak prozesuan aurrera egitea bultzatuko luke", esan du. "Baina argi dugu horrek ez dituela baldintzatuko eman behar ditugun urratsak", argitu du.

Lopez: "Hauteskundeak aurreratzeak egungo egoera ekonomikoan komeni ez diren zalantzan desagerrarazi ditu"

Patxi Lopez lehendakariak babesa eman dio Zapaterori hauteskundeak aurreratzeko erabakia dela eta. Egungo egoera ekonomikoak batere komeni ez diren zalantzak desagerrarazi dituela uste du Lopezek.

"Ziur nago erabakia ondo hausnartu duela eta ardura osoz hartu duela, herrialdearen eta espainiar gizartearen interesetan pentsatuz hartutakoa", esan du Lopezek.

"Zailtasun momentu hauetan" herritar aurrerakoiek mobilizatzeko gai izan behar dutela uste du lehendakariak, azken urteetan lortutako aurrerapen sozialak eta zerbitzu publikoetan lortutako garapenak bertan behera gerat ez daitezen.

Basagoitiren ustez hauteskundeak aurreratzea ona da lehendakariarentzat ere, "ez baitu EAJk Zapaterori egiten dion xantaia jadan beharko"

EAEko PPko presidente Antonio Basagoitik esan du hauteskundeak aurreratzea ona dela Euskal Herriarentzat eta lehendakariarentzat, "ez baitu EAJk Zapatero presidenteari egiten dion xantaia jasan beharko".

Basagoitiren ustez Zapaterok emandako hitzaldia "inoiz eman duen zentzudunetakoa da, beharbada agurtzekoa izan delako".

Espainiaren egoera ekonomiko eta politikoa kontutan hartuta, erabaki hau hartzea "oso logikoa" dela esa du Basagoitik. Alderdi popularreko presidenteak gehitu du PPko gobernu bat Euskadirentzat ona litzatekeela, "Jose Maria Aznarren gobernuarekin gertatu zen bezala", zehaztu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.