Gipuzkoako Aldundiak epaia onartzeko borondatea agertu du
Gipuzkoako Aldundian epaia sakonki aztertuko duela esan du Bilduk, Gipuzkoako Ogasuna kudeatuz hilabete daramala eta aurreko legealdietan beste alderdi batzuk egindakoa izan dela epaitua argudiatuz. Hala ere, epaia onatzeko borondatea duela adierazi du: "Europako Batasuneko epaiak errespetatzera behartuta gaude, eta Gipuzkoako Gobernu honek kasu honetan horixe egingo du". Gipuzkoako eragile guztiekin bildu eta ahalik eta irtenbide txukunena ematen saiatuko dela aurreratu du. Bilduk dio opor fiskalen antzeko neurririk jorratzeko asmorik ez duela.
Laguntzak 2007an berreskuratu zituela dio Bizkaiko Aldundiak
Epaiaren berri izan ostean, Bizkaiko Aldundia penatuta agertu da euren argudioak ez dituztelako onartu, baina, hala ere, epaia "beti bezala" bete egingo duela aurreratu du. Gaurko erabakiarekin auzia bukatutzat eman du Aldundiak. Jakinarazi duenez, ordea, erabakiak ez dio Aldundiari eragiten, "opor fiskalen neurriei esker eman ziren diru-laguntzak 2007an" berreskuratu zituztelako. "Bere garaian azaldu bezala, Aldundiak berreskuratu zuen diru hori: laguntzen 96,3 milioi euroak, eta horien interesak, 38,5 milioi". Europako Batzordeak eskatu duen isunaren inguruan jakinarazi du uztailaren 14ean Estatuaren Abokatuaren bitartez erantzun ziotela eskaerari. Bizkaiko Aldundiak gaineratu du ondo bete dituela Europako Batzordearen erabakiak, eta Europako Justizia Auzitegiak hori berrestea espero duela.
Enpresek aldundiei dirua itzuli behar dietela eta epaia bete egingo dela dio Ramon Jauregi Presidentetza ministroak
Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak esan du Luxenburgoko erabakiak ez duela atzera bueltarik, eta enpresek aldundiei dirua itzuli behar dietela gaineratu du. Epaia bete egingo dela esan du Jauregik. Epaiaren berri izan aurretik egin ditu adierazpen horiek Jauregik, balizko kasuan, baina hori betetzea Zuzenbide Estatuaren oinarrizko printzipioa dela esan du.
Adolfo Muñoz (ELA): "Ez litzateke justua izango opor fiskalak diseinatu zutenek eragin duten kaltea zergak ordaintzen dituzten guztien artean ordaintzea"
Adolfo Muñoz idazkari nagusiak esan du ez litzatekeela justua izango opor fiskalak diseinatu zutenek eragin duten kaltea zergak ordaintzen dituzten guztien artean ordaintzea. Epaiaren berri izan aurretik mintzatu du Txiki Muñoz, eta diseinatu zutenen politika kritikatu du, opor fiskalak enpresentzat suposatu zuten aurreztea eta horrekin ez zutela lan posturik sortu kontrajarriz. Erantzukizunak eskatu ditu Muñozek.