Erreakzioak: merkatuak pozik, alemaniarrak haserre eta Merkel isilik

2015eko urtarrilaren 22a
18:43
Entzun

Ezustea Mario Draghik eman du, iragarritako programa uste baino handiagoa delako. Ustekaberik eza erreakzioen aldetik etorri da. Positiboa izan da merkatuena: burtsek igoera handiekin erantzun dute, arrisku sariak maila historikoetara jaitsi dira eta, gehienen pozerako, euroak beste koska bat galdu du dolarrarekiko. Negatiboagoa, berriz, Alemanian entzun den zurrunbiloa. Angela Merkelen gobernuak diskrezioa hautatu du EBZren politikak eragiten dien atsekabea adierazteko, baina diplomaziaren beharrik gabe, kritika gogorragoak egin dizkiote prentsak eta ekonomista batzuek.

«Zer ari da gertatzen neure diruarekin? EBZk milioika euroren zorra barkatu die euroguneko herrialde gaixoei», zioen Alemaniako iritzi publikoaren sortzaile nagusiak, Bild sentsazionalistak, Draghiren prentsaurrea amaitu eta gutxira. Egunkari serioago eta moderatuago batek, Municheko Sueddeutsche Zeitung-ek, berriz, nabarmendu du «kritika guztien gainetik» hartu duela erabakia EBZk. Kritika horiek, noski, praktikoki Alemaniara mugatzen dira, gainontzeko herrialdeetan iritzi nagusia baita Draghik beranduegi erreakzionatu duela, eta atzora arte behintzat, lotsatiegi.

Egunkariei bazka emateko ez ziren ekonomistak eta enpresaburuak falta. «Inon ez dut ikusten borroka beharreko deflaziorik», aldarrikatu du Georg Fahrenschon Aurrezki Kutxen Elkarteko buruak, eta petrolioaren merkatze hutsari egotzi zion inflazio negatiboa. Hark bezala, Alemaniako Aseguru etxeetako Elkarteko presidente Alexander Erdlandek ere kritikatu du bonoen erosketak kalte egingo diela aurrezleei.

Politikoen artean ere aurkako ahotsik ez da falta. Ohi duen moduan, zorraren erosketa auzitegietara eramango duela iragarri du Peter Gauweiler Bavariako CSUko burukideak. Berdin egin izan du EBZk aurretik hartu dituen neurri gehienekin, baina Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak, ñabardurekin, sustengatu egin du banku zentralaren politika.

Angela Merkelen CDU alderdian ere kritikak entzun dira. «Neurri okerra da, ez du ezertan lagunduko. EBZren diru politika azken helmugara iritsi da», salatu du Werner Langen eurodiputatuak. Haren taldekide Klaus Peter Wilischek, berriz, deitoratu egin du Merkelek ez babesik adieraztea bonoen erosketa oztopatu nahi izan duen Jens Weidmann Bundesbankeko presidenteari: «Penagarria da gobernuak Bundesbank bakarrik utzi izana».

Isiltasunaren legea

Ministroek eta CDUko kide inportanteenek Merkelen agindua bete dute, eta azken egunotan gai horri buruz ahoa ahalik eta gutxien irekitzea erabaki dute. Draghi Frankfurten hitz egiten ari zela Merkel hitzaldia ematen ari zen Munduko Foro Ekonomikoan, Davosen (Suitza), eta banku zentralaren «independentzia» gogoraraziz egin dio iskin galderari. «Gutxitan dago zuria edo beltza den irtenbide bat», onartu du, baina ukatu egin du zorra erosteko programa abian jartzeko arrazoietako bat, merkatuetan nahiko likideziarik ez dagoela. Diru politika beharrean, krisiari aurre egiteko modua Europa lehiakorragoa egiteko neurriak direla aldarrikatu du. Haren iritziz, Espainiak, Irlandak eta Portugalek —eta neurri txikiagoan Greziak— erakutsi dute erreforma gogorrak egiteak «merezi» duela.

Alemaniaren uzkurtasun ofizialaren aurrean, festa izan da nagusi merkatuetan, baita Frankfurten bertan ere: Dax indizeak errekorra hautsi du. Espainiaren arrisku saria ere inoizko maila txikienera jaitsi da (94 puntu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.