ERREAKZIOAK. Ortuzar: "Ezker abertzalea behin betiko su-etena eskatzen ari zaio ETAri"

2008ko ekainaren 26a
18:08
Entzun
Ortuzar: "Ezker abertzalea behin betiko su-etena eskatzen ari zaio ETAri"

EHAK-k bihar Eusko Jaurlaritzaren galdeketarako lege proposamena onartzea ahalbidetuko duela-eta, Andoni Ortuzar EAJko Bizkaiko presidentearen ustez, horrekin "ezker abertzalea behin betiko su-etena eskatzen ari zaio ETAri".

EA: "Galdeketa prestatzen hasi behar da"

EA poztu egin da EHAKren erabakiarekin, eta "orain urriaren 25ean egingo den galdeketa prestatzen hasi beharko dugu", adierazi du. EAk galdeketarekin aurrera jarraitzeko apustua egiten du, “herriaren borondatea auzitegien eragozpen edo oztopoen gainetik dagoelako".

PSE-EE: "Euskal erakundeak blokatuko dira bihar"

Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiaren iritziz, bihar Jaurlaritzaren lege proposamena onartuta, "euskal erakundeak blokatuko dira behin betiko, Jaurlaritza barne", eta horren erantzule Juan Jose Ibarretxe lehendakaria egin du. "Abertzaletasun muturrekoak zuzenbide estatuari erronka" bota diola uste du PSE-EEk.

Hemendik aurrera "abertzaleekin" PSE-EEk izango dituen harremanak "gehiago zailduko dira". Hala, EAJk Arabako Foru Aldundia gobernatzeko "ezegonkotasun handiagoa" izango duela esan du Prietok, "EAJk zatiketaren eta enfrentamenduaren bidea bilatzen baitu".

Jose Antonio Alonso PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak azaldu du "inolako etorkizunik" ez diola ikusten galdeketaren egitasmoari. "[Espainiako] Konstituzioaren kontrakoa da, eta elkarbizitzaren aurkakoa ere bada".

PP: "Ibarretxe da arazo nagusia"

PP ere lege proposamenaren kontra agertu da. "Indarkeria gaitzesten ez duten herritarrak dira erabakitzen dutenak; hau da, Batasuna eta EHAK. Egitasmo horrekin ez dira bakea eta askatasuna lortuko, ez dira herritarren arazoak konponduko. Ibarretxe da Euskal Herriko arazo nagusia", esan du Antonio Basagoiti Bizkaiko PPko presidenteak.

EBri "akatsa" dela iruditzen zaio aldeko boto bakarra ematea

EHAK-k lege proposamenaren alde boto bakar bat emango duela-eta, hori "akatsa" dela iruditzen zaio EBri. "Erreparorik eta malabarismo politikorik gabe babestu beharko luke", adierazi du Mikel Arana EBko Presidentziako bozeramaileak. "EHAK ez da koherentea erabaki eskubideaz duen teoriarekiko, eta hedabideetan oihartzuna lortzea du helburu".

Lokarri: "Legezkoa da, ez baita erreferenduma"

Lokarri plataformak dio galdeketaren egitasmoa "legezkoa" dela, eta Espainiako eta EAEko araudien "barruan" sartzen dela. "Izan ere, ez da erreferenduma. Bake eta normalizazio prozesuak irekitzeko, indarkeriaren bukaeraz, elkarrizketaz eta akordioaz herritarren iritzia baino ez da jaso nahi", azpimarratu du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.