ERREAKZIOAK. Ortuzar: "Ezker abertzaleak euskal herritarrei eman die zaplastakoa, ez Garzoni eta Zapaterori"

2008ko otsailaren 11
16:24
Entzun
Andoni Ortuzar (EAJko BBBko presidentea)

"Bilboko istiluekin, ezker abertzaleak Garzoni eta Zapaterori zaplastakoa eman nahi izan die baina, azken batean, euskal herritarrei eman die. Ez zaigu gustatzen, iraganeko aurpegi zatarra delako, debekuekin batera. Larunbatean Bilbon paseoan genbiltzanok izan ginen ezker abertzalearen haserrea sufritu genuenak, baita alderdi politikoen egoitzak eta zerbitzu publikoak ere, eta ez botere zentrala era Justiziako goi karguak".

Joseba Egibar (EAJko GBBko presidentea)

"Erabaki judizialak eta atxiloketak gertatu eta gertatu ari dira, eta tentsioak gora egiten duenean, kalean liskarrak sortzen dira, eta Poliziak erantzun egiten du ondoren. Inork ez du nahi halako argazkirik. Ezker abertzalearentzat, baina, EAJk du edozeren ardura. Ertzaintzaren jarrera balora eta kritika daiteke, eta EAJk garden jokatuko du, baina Ertzaintzak epaileen erabakiak bete egin behar ditu".

EA

"Atxiloketa hauekin konponbidea urrutiago dago, eta baztertu egiten dugu Espainiako Gobernua sartu den zoramen errepresiboa. Garzonen laguntzarekin, badirudi agintari politikoz bete nahi dituela kartzelak. Pertsona hauei ez diete delitu zehatzik leporatu; euskal gizartearen zati bat politikoki ordezkatzea egozten diete, hori baino ez".

Joseba Azkarraga (EAko idazkari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua)

"Bazterkeria politikoa gauzatzen ari da, epaile batek bedeinkatu egiten ditu erabaki politikoak eta demokraziak ez du horrela irabazten. Hala ere, ezker abertzaleak bere eskubideak urratzen direnean baino ez du egiten salaketa, ez beste pertsonen edo ondasunen kontra egiten denean, eta nahikoa da".

Aralar

"Gaur Batasuneko 14 kideren atxiloketa ikaragarrikeri politikoa da. Azken hilabeteetan, eta bereziki ETAk su-etena hautsi zuenetik, [Espainiako] Estatuak gogor jo du ezker abertzalearen zati baten kontra, Batasuneko hainbat kide atxilotuz, eta EHAK eta EAE-ANVren suspentsioekin, besteren artean. Estatuaren politika egiteko modu zikin honek 'gerrarako jarrera' agertzen du, eta herri honetako sentsibilitate politiko bat ezabatu nahia. Beste behin, jarrera hori deitoratu eta salatu beharrean gara, eta atxilotuekiko elkartasuna agertzearekin batera, euren berehalako askatasuna eskatzen dugu".

Javier Madrazo (EBko koordinatzaile nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua)

"Espainiako Gobernuak makineri judiziala jarri du martxan ezker abertzalea zigortzeko. Trantsizioko garaietara garamatza honek, eta amildegira goaz. PSOEri eta ezker abertzaleari hori bukatzeko dei egiten diegu. Bakearen eta normalizazio politikoaren alde gaude, eta baztertu egiten dugu aukera politikoak legez kanpo uztea".

Alfredo Perez Rubalcaba (Espainiako Gobernuko Barne ministroa)

"Pistolak babesten dituenak ez dauka lekurik demokrazian, eta [Espainiako] Estatuak ezin du onartu haiek erakunde demokratikoetan izatea. Hala ere, Garzonen erabakiarekiko zuhurtzia izan behar da".

Javier Rojo (PSE-EEko hautagaia Araban eta Espainiako Senatuko presidentea)

“Laster dira [Espainiako] hauteskundeak, baina legedia ez da oporretara joaten. Egunero gauzatzen da legea, eta ezker abertzaleak ez du hori aldatuko. Batasunak koldarkeria du ETAren aurrean”.

Carmelo Barrio (EAEko PP)

“Zapaterok larunbatean Donostian ez zuen esan bere estrategia ETA garaitzea dela, edo ez duela negoziazio gehiago sustatuko, edo denbora asko galdu duela ANVren kontra egitean. Ostegunerako greba orokor deialdia egina dago, eta kale borroka gehiago egongo da. Hori da ANV, hori da EHAK”.

Askatasuna

"Espainiako Estatua gauzatzen ari den bide errepresiboan beste pauso bat dira atxiloketa hauek. Horrek erakusten du nolakoa den Espainiako demokraziaren kalitatea: tortura, ordezkari politikoen kartzelatzea, legez kanporatzeak, eta biltze eta manifestazio eskubideen murrizketa. EAJk eta Nafarroa Baik erantzukizun argia dute horretan".

ERC

"Ezker abertzalearen kontrako errepresioa demokratikoki zalantzazkoa da. 250.000 euskal herritarren kontrako gurutzada da, haiek lotzeko eta isilarazteko asmoz. Baina hori oker politikoa da eta, gainera, gizarteko multzo batzuek indarkeriaren aldeko apustuarekin segitzeko gonbitea ere bai, aldez edo moldez. Izan ere, esaten zaie ezin dutela politika egin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.