Euskal Herriko eragileen erreakzioak Erresuma Batuko erreferendumeko emaitzaz:
Iñigo Urkullu (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria): “Gaur Europaren aldeko apustua berretsi nahi dugu. Europaren oinarrizko ideia eta idealekin bat egiten dugu. Euskadiren etorkizuneko proiektua Europarekin batera eraiki nahi dugu. Gogoeta horrek Europaren proiektuaren egiazko birformulazioa eskatzera garamatza. Europaren proiektua bere fundaziotik izandako krisi handienaren aurrean dago orain. Lidergo berri bat behar dugu Europan, proiektu integratzaileago baten aldeko apustu irmoa egiteko: ikuspegi sozial eta politiko sakonago batekin; Europako Itunak ezartzen duen subsidiaritate printzipioa errespetatuko duena; Europa baitan egonkortasuna eta konfiantza bermatuko duena eta, eskenatoki geopolitiko berrian, eragin handiagoa izango duen Batasuna”.
“Euskaditik gure konpromisoa eta erabaki irmoa adierazten ditugu, Europaren gizarte eta giza proiektua bermatzeko”.
“Ezin dugu gutxietsi Erresuma Batuaren erabaki honek Europan eta gure ekonomian izango duen eragina, hurrengo urteetan. Erabaki horren ondorioek baldintzatu egingo dute euskal ekonomia, Europakoan txertatua dagoena. Eusko Jaurlaritzak beharrezkoak diren erremintak ditu eskura, agertoki berri honetan, Euskadiren eta euskal gizartearen interesak babestuko dituen konfiantza, egonkortasuna eta gobernagarritasuna bermatzeko”.
Josu Juaristi (EH Bildu): "Brexitak, zoritxarrez, ez dio ikuspegi aurrerakoi bati erantzun, Europarko Batasun osoan ematen ari den inboluzio sozial eta demokratikoari baizik. Eskuin muturreko posizioek ekarri dute Brexit, eta honek eskuin muturreko posizioak indartuko ditu. Horrek kezkatzen gaitu gu, bereziki. Populismoa, xenofobia eta haustura sozialaren aurrean, ezkerrak berebiziko ardura du, eta ardura horri erantzun behar dio hemendik aurrera ere".
Aitor Esteban (EAJ): "Erresuma Batuko emaitzak nahasmendu bat ekarriko du, arlo ekonomikoan-eta, eta Europako herrialdeek eta instituzioek berehala erreakzionatu beharra daukate. Erreakzioak praktikoa izan behar du".
Joseba Egibar (EAJ): "Brexitak erakutsi du era politikoan eta elkartasunezkoan eraiki behar dela Europa. Bestela, bere garapenerako eta egituraketarako zailtasunak ditu. Eskoziarrek erakutsi dute Europan egoteko beste modu bat badela".
Maite Ubiria (Sortu): "Bruselak aintzat har dezala Brexit; Londresek aintzat har dezala eskoziarren eta ipar irlandarren Remain. Eta Europako ezkertiarrek eta herri sektoreek bultza dezatela serioski Europako birfundazioa, askatasun eta eskubideen gainean".
Idoia Mendia (PSE-EE): "Europaren aldekooi albiste txarra iritsi zaigu Erresuma Batutik. Europako Batasunean sinisten dugu, bestelako eredu bat nahi dugun arren. Gaur Europan jolas ordua amaitu da. Lidergo serio eta egonkor baten momentua heldu da".
Patx Lopez (PSE-EE): "Egun beltza da gaurkoa. Eurofoboen mugimenduak alarma eragiten du. Batasunaren aurrean ezin ditugu muga eta horma berriak eraiki. Eta ezin da Europa eraiki Espainia zatikatuz".
Eduardo Maura (EAEko Ahal Dugu): "Europak bere norabideaz hausnartu beharra du. Martxa honetan, denek nahiko dute alde egitea, berdintasun eza sortarazten ari baita Europa. Europaren aldeko izaten segituko du Ahal Dugu-k, baina bestelako Europa bat nahi dugu".
Pablo Zalba (Nafarroako PP): "Abiste tristea da, eta espero dugu aurrera egiteko eta benetako Europako Estatu Batuak sortzeko azkeneko krisia izatea. Europa gehiagoren ordua da, eta horretarako Europako Batasuneko kideek lankidetza handiagoa behar dute".
Aralar: "Brexit erreferenduma demokrazia ariketa aipagarria izan da. Erresuma Batua garbi mintzatu da, baina ez da ahaztu behar xenofobiarekin eta elkartasunik ezarekin lotu dela neurri handi batean ezetzaren aldeko kanpaina. Aukera bat da Europako eredua birpentsatzeko, Europa berria eraikitzeko, demokrazian sakonduko duena, nazioei eta herriei ahotsa emango diena, eta giza eskubideen defentsa unibertsala, justizia soziala, elkartasuna eta bakea oinarrian izango dituena. Eskoziako eta Ipar Irlandako herritarrek argi erakutsi dute Europako proiektu bateratu baten aldeko jarrera, eta horrek aukerak irekiko die subirautza bidean aurrerapausoak egiteko".
Koldo Martinez (Geroa Bai): "Eraikitzen ari den Europaren kontrako emaitzatzat hartu behar da. Eraikitze horretan ez daude hasierako printzipioak eta balioak. Egungo Europaren bestelako bat nahi du Geroa Baik; Europa librea, justua, solidarioa... Bestetik, erreferendumei ez zaie beldurrik izan behar; jendeak bere iritzia emateko eskubidea du".
Confebask: "Erresuma Batuan gure enpresek dituzten interesak aha den ondoen zaintzen saiatuko gara. Gertaera historiko baten aurrean gaude, eta ez dago idatzita zer egin behar den. Erresuma Batuaren irteera koherentziaz eta modu ordenatuan egin dadila espero dugu".
Mikel Noval (ELA): "Europa Batasuneko politika neoliberalak atzeradaka sortzen dio jendeari, eta horren adibide da Erresuma Batuko emaitza. Herritarren interesetatik urrun dago politika hori. Boterearen eta kapitalaren mende dago. Europak bide horretatik segitzen badu, desastre bat izango da eta bere burua suntsituko du".