Jose Luis Rodriguez Zapatero (Espainiako Gobernuko presidentea)
"Espainian berme juridikoak errespetatu egiten direla frogatu du epaiak".
Baltasar Garzon (Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea)
"Terrorismoaren aurkako Espainiako borrokari zilegitasuna eman dio, baita Justiziaren jokabideari ere".
Maiorga Ramirez (EAko bozeramailea)
"Demokraziarentzat eta Euskal Herriarentzat oso albiste txarra da. Europan garapen politiko, legal eta juridikoa gero eta hertsiagoa da. EA Espainiako Alderdien Legearen aurka dago, milaka herritar joko politiko eta instituzionaletik kanpo uzten ditu-eta".
Patxi Zabaleta (Aralarreko koordinatzailea)
"Demokraziarentzat albiste txarra da. Ideia denak defenditzeko bermea eman behar du demokrazia helduak, betiere jarduera politikoa bide zibilak erabiliz egiten bada. Espainiako Alderdien Legea bertan behera uzteko eskatzen dugu, ez delako demokratikoa".
Joseba Egibar (EAJko EBBko kidea)
"Iritzia eman aurretik nahiago dugu epaiak zer oinarri dituen irakurtzea".
Serafin Llamas (EBko zuzendaritzakidea)
"Guk epaia errespetatuko dugu, baina Alderdien Legea demokratikoa ez dela pentsatzen segitzen dugu".
Rodolfo Ares (Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua)
"Legez kanporatzea legezkoa dela esaten genuenoi arrazoia eman digu epaiak. Beraz, Batasunak badaki zer egin behar duen: indarkeriatik aldendu".
Idoia Mendia (Eusko Jaurlaritzako bozeramailea)
"Erabakiak argi uzten du Espainian Zuzenbide Estatuak indarrean jarraitzen duela eta giza eskubideak errespetatzen direla".
Alfredo Perez Rubalcaba (Espainiako Gobernuko Barne ministroa)
"Pozik nago Estrasburgotik iritsi den erabakiagatik. Modu horretara argi geratu da Espainiako erakunde demokratikoetan indarkeria babesten duten alderdirik ez dela egongo".
Antonio Basagoiti (EAEko PPko presidentea)
"Oso berri ona da. Erabaki horrekin nazionalista batzuen biktimismoa amaituko da, ideiak legez kanpo uzten direla gezurra dela frogatu da. Pentsatzekoa da terrorismoa defendatzen duen alderdi bat legezkoa ez izatea, alderdi nazi bat Alemaniako bozetara aurkeztea bezain legez kanpokoa".
Federico Trillo (PPko Justizia koordinatzailea)
"Epaiak nabarmen utzi du Batasuna erakunde terrorista dela".
Rosa Diez (UPDko burua)
"Alderdien Legeak ez ditu ideiak uzten legetik at, hori berretsi du Europako epaiak, eta hori genioen askok lehendik".
Diego Lopez Garrido (Espainiako estatu idazkaria Europako Batasunean, PSOE)
"Espainiako Estatuan giza eskubideak errespetatu egiten dira, eta Europaren epai honek hori berresten du. Erabaki ona da, terrorismoa babesten duen alderdiak ezin duelako erakundeetan egon".
Espainiako Fiskaltza
"Erabat pozik gaude epaiarekin, Espainiako Justiziari babesa eman diolako. Ondo aritu ginela dio Europak, oinarrizko eskubide denak errespetatu genituela".
ERREAKZIOAK. Zapatero: "Espainian berme juridikoak errespetatu egiten direla frogatu du epaiak"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu