Zapatero: "Harrituta geratu naiz"
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren lehendakaria "harrituta" geratu da Josu Jon Imazen erabakiarekin, gaur Ser irrati katean esan duenez. "Banuen informazioren bat hark egin zezakeenaz, baina EAJren lehendakari postua uztea beste kontu bat da". Imazekin "harreman ona" duela adierazi du Zapaterok eta hari buruzko "iritzi ona" duela. "Agintari ona izan da, berak ezarritako bidea egokia izan baita". EAJko "eztabaida, Euskadirentzat eta Espainiarentzat ona" izatea espero duela esan du.
EA: "Aitortzen dugu Imazek egindako lana, ados ez egon arren"
Unai Ziarreta EAren idazkari nagusiak dio "errespetatu" egiten dutela Imazen erabakia, "baita aitortu ere hark herri honentzat eta bere alderdiarentzat egindako lana, zenbait kontutan EA ados ez egon arren". Ziarretak ez du uste Imaz EBBren buru izateko aurkeztu ez izanak hautatze prozesua "gehiegi" aldatuko duenik.
EB: "Imaz erreferentea da"
Javier Madrazo EBren koordinatzaile nagusiak ere "errespetua" agertu du. Imazek bere erabakiarekin "batasuna eta adostasuna bezalako baloreak koherentziz defenditu ditu", haren ustez, "eta elkarrizketa, aniztasuna eta elkarbizitza" ere defenditu izan dituela gogoratu du. "Imaz erreferentea da, baita abertzale ez garenontzat ere".
"Pertsona osoa, demokrata eta fidagarria da", PSOEren iritziz
Diego Lopez Garrido PSOEren bozeramaile parlamentarioak goretsi egin du Imaz, "jarduera politikoan pertsona osoa, demokrata eta fidagarria delako". "Errespetuz" hartu dute haren erabakia; "bere arrazoiak izango ditu uzteko".
Raxoik "kezka" agertu du EAJk hartutako bideaz
Mariano Raxoi PPren lehendakariak "errespetatu" egiten du Imazek hartutako erabakia, eta hura "pertsona edukatua eta zuzena" dela iritzi dio. "Kezka" agertu du EAJk hartutako bideaz, "Espainia konstituzionala defenditzeko bidean ez dagoelako, galdeketa antolatu nahi baitu".
ERREAKZIOAK. Zapatero "harrituta" geratu da Imazen erabakiarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu