Erreakzioak

2017ko abuztuaren 17a
14:51
Entzun

EAJko presidente Andoni Ortuzarren iritziz, kartzelan "merezi gabeko zenbait urte" eman ditu Rafa Diezek

"Ezker Abertzalean hizketarako irekien egon den gizona da ziurrenik, eta garrasi gehiegi eta hots handiko adierazpenik egin gabe, indarkeriarekin bukatu behar zela konturatu zen lehenengotarikoa izanik, hori horrela izateko lan asko egin zuen". Ortuzarren arabera, "urte hauetan zehar aske egon izan balitz, ziur bere ekarpenei esker gauzak joan direna baino hobeto joango liratekeela". Gainera, espro du Diezek "aurrerantzean egiten dituen ekarpenek galdutako denbora irabazten laguntzea" eta "oraindik ere aztoratuta dagoen mundu horrek bide bakezale eta demokratiko hutsak erabiliz lan egitea".

Sorturentzat “aktibo politiko garrantzitsu bat berreskuratu da burujabetzarako”

Alderdiko bozeramaile Arkaitz Rodriguezek, Rafa Diezen kaleratzearekin, “burujabetzaren alde borrokan jarraitzeko” aktibo politiko garrantzitsu bat berreskuratu dela azaldu du. Espainiako Estatuaren erasoen aurrean, Euskal Herriak “bakea eta askatasuna” irabaziko dituela adierazi du.

Ahal Dugu-ko Nagua Albaren ustez, Bateragune auziko espetxeraketak "ez ziren justuak izan"

Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak Diezen eta Bateragune auziko beste espetxeratuen kartzela zigorrak injustuak izan direla adierazi du, nahiz eta "pertsona hauen iritziekin ados ez egon".

EA: “Bakea eta abertzaleen elkarlana indartzeko aktiboa da Rafa Diez”

EArentzat berri “pozgarria” da Diez kartzelatik ateratzea, “nahiz eta kontraesankorra izan espetxean inoiz sartu behar ez zuten pertsona kaleratzea positiboa izatea”. Iker Ruiz de Egino bozeramaileak Diez abertzaleen “indar metaketa eta bakeran alde lan egiteko aktiboa” dela uste du.

Ongi etorri ekitaldietan “terrorismoa goratzeko libre izatea" ulertezina da PPrentzat

PPko diputatu Leopoldo Barreda Diezi eginiko harrera ekitaldien aurka agertu da, ulertezintzat jo du “terrorismoa goraipatzea libre izatea". Euskal gizartearen gehiengoak "nazka sentitzen du terroristak omentzeko gogoaren aurrean", dio Barredak. Horien artean sartu ditu gaurko Rafa Diezen harrera ekitaldiak.

Ezker Anitza-IUk Rafa Diezen irteera “albiste ona” dela azaldu du

Ezker Anitzak albiste ontzat jo du Diezen irteera, zigorra “inoiz” gertatu behar ez zela uste baitu. Alderdiaren ustez, LABeko idazkari ohiaren delitu bakarra “ETAren indar armatuarekin amaitzen saiatzea” izan zen.

LAB: "Preso politiko bat gutxiago dago kartzeletan"

Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi du Diezek ez zuela "egun bakar bat ere" kartzelan igaro behar. Era "bidegabean" sartu zuten kartzelan Aranbururk dioenez, eta beraz bere kaleratzearekin "preso politiko bat gutxiago" dago.

ELA: “Diez kartzelatik ateratzeak inoiz gertatu behar ez zen istorio bati amaiera ematen dio”

ELAko idazkari nagusiaren alboko Amaia Muñoak adierazi du “inoiz gertatu behar ez zen” istorio baten amaiera dela. Muñoak El Duesoko espetxe aurrean (Kantabria, Espainia) azaldu du "ELA Diezi elkartasuna eta babesa" emateko dagoela.

EAEko CC.OO. poztu egin da Ezker Abertzalearen estrategia aldaketarako “lan egin zuen” Diezen askatasunagatik

Rafa Diezek egungo eszenatokira iristeko “lan egin”, eta bide politiko eta demokratikoen alde ezker abertzalearen “estrategia aldaketa” zuzendu izana gogorarazi du CC.OO.-k. Sindikatuak Bateragune auzian epaitutako kideen zigorrak inoiz partekatu ez dituztela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.