Erreakzioak

2006ko abenduaren 30a
19:03
Entzun
Jaurlaritzak dio ez duela bake prozesua amaitutzat eman nahi

"Norbaitzuk ETAren izenean esperantzari atea itxi diote. Herritarren bihotzean frustrazioa eta beldurra eragin nahi izan dute, Euskal Herriari bizkar ematea erabaki dute", irakurri du Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak. Jaurlaritzak "gogor, tinko eta irmo" gaitzetsi du "ETAk gaur egindakoa". Desagertuta dagoen gizonezkoaren egoeraz kezka agertu du. Argitzeko gauza asko daudela azaldu du Azkaratek, baina azpimarratu duenez, "bonbak daudenean ezin da su-etenik egon". Jaurlaritzak bake prozesua ez duela amaitutzat eman nahi jakinarazi du, eta datozen egunetan, Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek kontseilu politikoa deituko duela iragarri. Gizarteari lasaitasunerako deia egin diote, eta "bakea eraikitzeko gogor eta indartsu lanean jarraitzeko prest egoteko".

"Atentatua gaitzesteko" eskatu dio EAJk Batasunari

EAJko bozeramaile Iñigo Urkulluk "atentatua gaitzesteko" eskatu dio "muturreko ezkerrari". Bestela "bake itxaropena xahutuko" baitu. Itxura guztien arabera ETAk su-eten iraunkorra hautsi duela azaldu du, horrela "euskal gizartearen bake itxaropena zapuztuz".

EAk dio indarkeriak ezin duela prozesua hautsi

EAko lehendakari Begoña Erraztik gainerako alderdientzat izan ditu hitzak. Haiei eskatu die "indarkeria ekintzei" prozesua oztopatzen ez uzteko. "Bake eta normalizazio prozesuak gure herriari bakean bizitzea eta normaltasuna ekarri behar dio. Lanean jarraitu behar dugu zentzu horretan, ETAk ez du erabakiko gure ordez. Indarkeriak ezin du hori erabaki". Alderdien mahaia berehala martxan jartzea aldarrikatu du.

PSE-EEk dio Batasunak atentatua ez badu gaitzesten garbi geratuko dela "ETAren menpe dagoela"

Gogor gaitzetsi du PSE-EEk Madrilgo atentatua, eta ezker abertzaleari eskatu dio beraiek ere gauza bera eginteko. PSE-EEren iritzian, Batasunak hori egiten ez badu, "garbi geratuko da ETAren menpe dagoela, eta ez direla gai bide politikoan aritzeko". Atentatua oso larria dela nabarmendu dute. "Indarkeria eta elkarrizketa ez dira bateragarriak, eta bonbak jartzen dituenak oztopoak jartzen ditu prozesuan aurrera egiteko". Gaineratu dutenez, "ekintza terroristak egiten dituztenen kontra" egingo dute, eta "hain antsiatua den bakea eta askatasuna lortzeko" ere gogor egingo dute lan.

PP: "Negoziazio guztiak eteteko eskatzen dugu"

PPren EAEko lehendakari Maria San Gilek eta PPren Espainiako Lehendakari Mariano Raxoik antzeko hitzak izan dituzte. "Terroristekin negoziazio guztiak" eteteko eskatu dute. Atentatua gaitzetsi dute, eta biktimei elkartasuna azaldu diete. "Honek argi uzten du su-eten aldarrikapena gezurra zela, eta errealitate gordinaren aurrean jartzen gaitu guztiok. ETA inoiz ez da prest egon armak uzteko". Beraz, "negoziazioak" utzi, eta indarrak ETArekin amaitzera bideratzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

EB-Berdeek PPren sareetan ez erortzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari

EB-Berdeetako Koordinatzaile nagusi Javier Madrazok "PPren sareetan" ez erortzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Batasunari, berriz, atentatua gaitzesteko eskatu dio. Bere iritzian, atentatua ETAk egin duela baieztatzen bada, ETA osoak edo hango parte batek bakarrik egin ote duen jakin behar da. PPri eskatu dio ez jokatzeko hauteskunde interesen arabera. Bakea eta normalizazioa lortzeko bidea "espetxe politika aldatzea, giza eskubideak errespetatzea, elkarrizketa eta alderdien mahaia" direla azpimarratu du.

Aralar: "Bake prozesuari eutsi egin behar zaio"

Aralarreko Koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak prozesuari "eutsi beharra" azpimarratu du. Gogor gaitzetsi du atentatu. "Su-etenaren haustura ez izatea nahi genuke". Atentatua zeinek egin duen eta hura egitea "nork erabaki duen" argitzeko beharra dagoela dio.

ETAri lehengora ez bueltatzeko eskatu dio ELAk, eta Espainiako Gobernuari prozesuarekin ez "jolasteko"

ELAko Komunikazio idazkari German Kortabarriak ETArentzat eta Espainiako Gobernuarentzat izan ditu hitzak. ETAri "indarkeriaren bidea ez hartzeko" eskatu dio, eta Espainiako Gobernuari ohartarazi dio "prozesuarekin ez jolasteko". Kezkatuta agertu da, "gizarte osoa" bezala, "prozesuan aurrera egiteko beharrezkoak diren pausoak ez direlako eman". Prozesuari "behar bezela" heltzeko dei egin die eragileei, ETAri, eta Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.