Rafa Diez: "Espainiako Gobernuaren erabakiak oxigeno apur bat ekar dezake"
Baikor antzera agertu da Rafa Diez LABeko idazkari nagusia Espainiako Gobernuaren erabakiarekin, eta egoera politikoari "oxigeno apur bat" eman diezaiokeela esan du. "Laino handia dago giro politikoan, eta badaude ekimen batzuk haize fresko ufada direnak, eta era batera edo bestera laino handi hau desagertarazten lagun dezaketenak", esan du Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak Herri Irratian, De Juanari buruzko erabakiari buruz galdetu diotenean.
Hala ere, irtenbidea presoen kontrako "mendeku politika" bertan behera uztea dela azpimarratu du Diezek, eta haien eskubideak errespetatzea.
Erabakia "juridikoki akatsik gabea" da EAJrentzat, eta "politikoki egokia"
Josu Erkoreka EAJren Espainiako Kongresuko kidearentzat, Espainiako Gobernuak Iñaki de Juanaz hartutako erabakia "juridikoki akatsik gabea da eta politikoki egokia". Arrazoi humanitarioei begira, berriz, "hartu beharrekoa" zela iritzi dio Erkoderak. Horiek denak "nahikoa arrazoi" dira De Juanak gose greba uzteko.
PSE-EEk dio Espainiako Gobernuak "asmatu" egin duela
Jose Antonio Pastor PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen ustez, Espainiako Gobernuak "asmatu" egin du Iñaki de Juanari bigarren gradua ematean, "erabakiak legea ez du gainditzen eta presoen bizitza bermatzeko Estatuak daukan beharrari erantzuten dio". Pastorrek gogorarazi du PSE-EE De Juanari bigarren gradua ematea eskatzen ari zela.
EAren iritziz, erabakia "positiboa" da
Begoña Lasagabaster EAren Espainiako Kongresuko kidearentzat, Espainiako Gobernuaren erabakia "positiboa" da, "eskubide humanitarioak kontuan hartu dituelako eta legea bete egin duelako".
EB-Berdeak: "Ea bake prozesua abiatzeko balio duen"
"De Juana preso etxean izateko erabakiak ea benetako bake prozesua eta normalizazio politikoa abiatzen laguntzen duen". Horixe esan du Mikel Arana EB-Berrdeetako eledunak. Haren ustez, presoari buruzko erabakiak "ETAri gogoeta eginarazi beharko lioke indarkeriak zentzurik ez duela eta armak behin betiko utzi behar dituela ikusteko".
Espainiako Gobernuak gaur hartu duen erabakian, "arrazoi humanitarioak" baino ez daudela uste du Aranak.
Aralarrentzat erabaki "ona" da, "baina ez da nahikoa, libre behar lukeelako"
Aralar ustez ere Espainiako Gobernuaren erabakia "ona" da. "Baina ez da nahikoa, De Juanak libre behar lukeelako giza arrazoiengatik eta bere zigorra bete zuelako", esan du Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak. "Iritzi artikulua idaztea behin ere ezin da izan delitua". Presoa aske utz dezatela eskatu du.
Acebes: "Gobernuak demokrazian lehen aldiz eman du amore ETAren xantaiaren aurrean"
Angel Acebes PPren idazkari nagusiaren ustez, Espainiako Gobernuak "erabaki politikoa" hartu du gaur, "eta demokrazian lehen aldiz eman du amore ETAren xantaiaren aurrean". Acebesek esan du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidentearen erabaki "politikoa eta pertsonala" izan dela De Juanari bigarren gradua ematea, "De Juana kartzelatik atera beharra zeukan, Zapatero leporaino sartuta dagoelako ETArekin negoziazioan".
Acebesen ondoren hitz egin du Mariano Raxoi PPren presidenteak, arratsaldean, Gasteizen. "Ez dut egoera hau onartzen, ez dut nahi espainiarrak garaituak senti daitezen eta Gobernuari erabakia berreikusteko eskatzen diot. Kontu hau ez da hemen amaitu. Justiziarekiko zorra dago".
Maria San Gil PPren EAEko presidenteak ere antzeko adierazpenak egin ditu: "Gobernuak amore eman du xantaiaren aurrean. ETAk irabazi du".
AVTk dio "legearen iruzurra" dela
AVTk "mina" sentitu du Espainiako Gobernuak De Juanaz hartu duen erabakiarekin, eta "legearen iruzurra" dela esan du. "Terrorismoaren biktimak negarrez ari dira eta minez daude. ETAren inguru terroristakoak, aldiz, ospatzen ari dira", adierazi du Francisco Jose Alcaraz AVTren presidenteak. "Gobernua ahulagoa da orain eta Batasuna indartsuagoa".
ERREAKZIOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu