ERREAKZIOAK.

2007ko urriaren 16a
18:32
Entzun
Erkoreka: "Zapatero prest azaldu da legearen barruan dagoena aztertzeko"

Nahiz eta Zapaterok Ibarretxeri ezezkoa eman dion, Josu Erkoreka EAJk Espainiako Kongresuan daukan bozeramaileak itxaropena agertu du Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, "Zapatero prest azaldu delako [Espainiako] legearen barruan dagoena aztertzeko". Politikan jendaurretik kanpo "zorionez, gauza asko" egiten direla aipatu du Erkorekak, eta gaurko bilerak bi ordu iraun duela azpimarratu du. Ibarretxek EAEko Estatutuaren "erreforma hutsa baztertu" egiten duela adierazi du EAJren Kongresuko eledunak.

EHAK-k desadostasuna "itxurakeria" dela iritzi dio

EHAKri gaur Ibarretxek eta Zapaterok agertu duten desadostasuna "itxurakeria" dela iruditu zaio. "Funtsean, PSOEren eta EAJren artean ez dago hainbeste alderik Euskal Herriari buruz hitz egiten dutenean: Euskal Herriaren existentzia ukatzen duen Konstituzioaren pean izan behar du aldaketak; nafarrek ezin dute erabaki bere etorkizuna; eta hirugarrenik, aldaketa horrek Euskal Herriaren independentziari ateak itxi behar dizkio".

PPri ez zaio nahikoa iruditu Zapateroren erantzuna

Eduardo Zaplana Espainiako Kongresuan PPk duen bozeramaileari ez zaio nahikoa iruditu Zapaterok gaur Ibarretxeren "desafioaren" aurrean eamn duen erantzuna. "Zapatero ez dago prestatua horri aurre egiteko. Gaur desadostasuna agertu badu, [Espainiako] hauteskundeei begira denbora irabazteko izan da".

Azkarraga: "Arazoak konpontzeko beste aukera bat galduko da"

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburuaren ustez, Zapaterok eman duen erantzuna ikusita, "arazoak konpontzeko beste aukera bat galduko da". Jaurlaritzaren lehendakariari ETAri erakutsitako errespetu bera izateko eskatu dio Zapaterori Azkarragak. "Aurrez euskal alderdien artean akordioa lortzeko eskatu du, baina 2004an Estatutu Politiko berriaren proposamena onartu genuen Eusko Legebiltzarrean eta ez genuen Kongresuan eztabaidatzeko aukera txikiena ere izan".

Mas: "Kataluniako estrategia bera segituko du Zapaterok Euskadin"

Artur Mas CiUren presidenteak uste du Zapaterok "Katalunian bere garaian segitu zuen estrategia bera" segituko duela orain Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. "Ibarretxeren planteamendua murrizten saiatuko da, PSEren bidez".

ERC: "Gaurko ezezkoa, datozen garaietarako seinale txarra da"

Joan Tarda ERCk Espainiako Kongresuan daukan bozeramaileak kritikatu egin du Zapaterok gaur eman duen ezezkoa, eta hori "datozen garaietarako seinale txarra" dela uste du. "Zapaterok eta Ibarretxek bozek emandako zilegitasuna daukate, eta elkarrizketa erabili beharra dute, ez dago beste irtenbiderik".

IU-ICVk baztertu egin du ateak itxi izana

Zapaterok gaur Jaurlaritzaren egitasmoari "ateak itxi" izana kritikatu egin du Joan Herrera IU-ICVren kideak. "Normaltasunez aztertu beharko litzateke lehendakariaren proposamena". IU-ICVren ustez, ez litzateke galdeketa egin beharko ETAk existitzen duen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.