Alfredo Perez Rubalcaba (Espainiako Gobernuko Barne ministroa)
"Ekintza zital eta koldarra izan da. Espainiako gizartearen borondatea ezingo dute menderatu. Auzitegi aurrean eta kartzelan amaituko dute".
Izaskun Bilbao (Eusko Legebiltzarreko presidentea)
"Koldarkeria eta ankerkeria hori erakutsi dutenak salatzen ditut. Ez dut ulertzen nola hel daitekeen gizagabetasun horretara. Gizartearen gehiengoak gaitzesten du ETAren indarkeria, eta ekintza horiek kriminalak, etikoki onartezinak eta politikoki antzuak dira. Politika egin nahi dutenek hilketa hori arbuiatu behar dute, eta ETAren menpekotasunetik askatu".
Patxi Lopez (PSE-EE)
“Atentatuak jasateko beste batzuek baino arrisku handiagoa daukagu. Hala ere, itxaropena dugu ETAren eromen hiltzailea amaitzeko eta inor gehiago hil ez dezaten".
Josu Erkoreka (EAJ)
“Atentatua erabat gaitzesten dugu, eta sozialistei gure babes osoa eman nahi diegu une gogor hauetan, eta beraiekin gaudela adierazi. Gizarteari dei egin nahi diegu igandean aukera ederra daukatela atentatua arbuiatzeko”.
Unai Ziarreta (EA)
"Euskal Herriaren etorkizuna basatien eskuetan eror al daitekeen galdetu behar diogu geure buruari. Ekintza hauek atsekabetu egiten gaituzte, eta indarkeria bidea ez dela erakutsi behar diogu jendeari".
Jon Abril (Aralar)
"Isaias Carrascoren heriotza gaitzetsi egiten dugu, eta elkartasun osoa agertu nahi diegu hildakoaren senitartekoei eta PSE-EEko kideei. Gaurko heriotza honi euskal gizarteak eman diezaioken erantzunik onena eta irmoena igandean bozkatzera joatea da".
Ander Rodriguez (EBko Arrasateko zinegotzia eta Arrasateko bigarren alkateordea)
“Isaias Carrascoren hilketa erabat gaitzesten dugu. Ni lau urtean egon nintzen harekin zinegotzi, eta erabat hunkituta nago. Sekulako sarraskia izan da, ez dago inolako motiborik ekintza hori justifikatzeko. Herrian amorrua dagoela sentitzen dut. ANVk giza eskubideen alorrean beste aurrerapauso bat emango duela espero dut”.
Maria San Gil (PP)
“ETA amaitu beharra dago zuzenbide estatuaren tresna guztiekin”.
Mariano Raxoi (Espainiako presidentetzarako PPko hautagaia)
"Dolu eguna da. Atentatua gaitzetsi eta elkartasuna eskaintzen diogu familiari. ETAren aurka indar demokratikoek bat egin behar dugu".
Nafarroa Bai
"Atentatua erabat gaitzesten dugu, eta gizarteari lasaitasuna eta elkartasuna izatea eskatzen diogu. Ekintza hori ez dago inola ere justifikatzerik, ulertzerik edo azaltzerik".
Javier Madrazo (EB)
"Euskal gizarteak ETAri min gehien ematen dion hori egin behar du: igandean bakearen, bizikidetzaren, demokraziaren eta askatasunaren alde bozkatzera joan".
Gaspar Llamazares (IU)
"Erabat gaitzesten dugu indarkeria eta, beraz, gaurko atentatua. Elkartasuna adierazten diegu PSOEri eta UGTri. Eta erantzunik onena, normaltasuna eta segurtasun demokratikoa dira".
Ipar Euskal Herriko PS
"Atentatua salatzen dugu, indarkeria gaitzetsi egiten dugulako. Armekin ezin da ezer politikorik lortu".
UGT (EAE)
"Herritarrei atentatuari erantzun sendo bat emateko dei egiten diegu atentatua arbuiatzeko egingo diren ekintza guztietan".
ELA
"Borroka armatua behin betirako desagertzeko eskatzen dugu, eta euskal gizarteari elkarretaratzean parte hartzeko deia zabaltzen diogu".
Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartea
"Indarrez gaitzesten dugu Carrascoren kontrako atentatu zital eta koldarra. Modu honetara ezinezkoa da Euskadiko bizilagunentzat ongizateko etorkizuna lortzea".
Confebask Euskal Enpresarien Federakuntza
"Hilketa anker eta doilor hau gaitzesten dugu, eta indarkeriak berriro euskal gizartearen bake nahia lausotu izana sentitzen dugu".
Lokarri
"Gizartearen gehiengoak indarkeriaren amaiera eskatzen du, baina ETAk borondate horren aurka egiten du, herritarrek hauteskundeetan parte hartzea baldintzatuz eta mugatuz".
EHU
"Gure errealitate politikoaren konplexutasuna nondik norakoez eta erabaki eztabaidagarriez beteta dago, baina inoiz ere ezin da indarkeria justifikatu".
ERREAKZIOAK.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu