ERREAKZIOAK.

2008ko maiatzaren 13a
15:15
Entzun
ELA: "AHTren aurkako jarrera zilegiak ez du justifikatzen bortxakeria"

ELA sindikatuak salatu egin du ETAk atzo Hernanin (Gipuzkoa) AHTren (Abiadura Handiko Trena) eraikuntzan parte hartzen ari den enpresa bateko bi hondeamakinen kontrako atentatua. "AHT eraikitzearen aurkako jarrera zilegia bada, horrek ez du justifikatzen, inolaz ere, bortxakeriaren erabilera eta ez du horren beharrik", dio ELAk prentsa ohar batean. ELA bera AHTren kontra dago.

"Tren azpiegitura hau galarazteko indarkeriaren erabilerak bertan behera uzten ditu sektore zibil ezberdinetatik eta modu demokratikoan sortzen ari diren dinamikak", ELAren ustez.

Aralarren ustez, "AHTren kontrako borrokak soziala behar du izan"

Aralarrek "gogor" gaitzetsi du atzo ETAk Hernanin egindako atentatua, eta indarkeria ezin dela erabili dio. "Argi adierazi nahi dugu AHT proiektuaren inguruko gure oposizioa, baina oposizio hori ezin da inoiz plazaratu atentatuen eta ekintza armatuen bidetik. AHTren kontrako borrokak soziala behar du izan, gizarte mugimenduen bitartez egindakoa".

"Oso larria eta onartezina da", dio Adegik

Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartearen iritziz, atzoko atentatua "oso larria eta onartezina da, enpresak eta langileak euren lanean ari direlako eta bortxa erabiltzen dutelako haien kontra".

AHT "euskal ekonomiarentzat proiektu estrategikotzat" jo du Adegik, eta indarkeria erabiltzen dutenek "euskal gizartearen gehiengoa" ez dutela errespetatzen dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.