Jose Antonio Alonso (PSOEko bozeramailea Espainiako Kongresuan)
"Ibarretxeren asmoa [Espainiako] Konstituzioaren kontrakoa da, garbi, eta segurtasun juridiko, politiko, sozial eta ekonomiko eza dakar. Gainera, euskal herritarren interesentzat txarra da. Orain gure lana PSE-EEk Euskadiko hauteskundeak irabaztera bideratuko dugu, Euskadi hobeto gobernatuta egongo delako gurekin eta ez Ibarretxeren bezalako abenturekin".
EA
"Zapateroren ezezkoaren ondoren, Eusko Legebiltzarrak hartu behar du orain [EAJ, EA, EB] hirukoaren ibilbide orria aurrera eramateko eta herriari hitza emateko ekimena. Gizarte osoa mobilizatu behar da. PSOEk ez du inolako borondaterik euskal gatazka politikoa konpontzeko. Loiolan sinatu nahi zuenaz hitz egiteko asmorik ere ez dauka. PSE-EEk hauteskunde gosea asetu besterik ez du egin nahi".
Mikel Arana (EBko presidentziako bozeramailea)
"Zapaterok bi ordu eta erdi behar izan ditu behin betiko ezezkoa emateko. Aldiz, ETArekin eta Batasunarekin lau urtean egon zen negoziatzen. Zapaterok ez du borondaterik elkarrizketa prozesu bat egonkortzeko. Gernikako Estatua osorik beteko duela esan beharko luke sikiera, bestela ez duelako autogobernua aldarrikatzeko inolako zilegitasunik izango".
Aintzane Ezenarro (Aralarreko legebiltzarkidea Gasteizen)
"Akordioa egon zein ez egon, herri kontsulta prestatzen hasi behar dugu alderdi desberdinon arteko elkarlanean. Zer nolako galdera egin behar den eta gizarteari adierazi nola izango den, eta ondorengo prozesua kudeatu behar dugu. Beraz, bidea argitzen joan behar dugu eta baita bakoitzaren jarrera ere. Ibarretxeri esan diogu, eta baita EHAKri ere, argitu dezala bere posizioa zein den".
Rafa Diez (LABeko idazkari nagusia)
"Garrantzitsuena Euskal Herrian marko demokratikoaren alde lan egitea da. Kontua ez da Zapaterok Ibarretxeren asmoei emandako ezezkoa, baizik eta zer egin Euskal Herrian. Euskal gizartearen teilatuan dago pilota, Espainiako Gobernuaren jarrera baldintzatzeko. Orain Zapaterok [Loiolako edukiez] ezezkoa dio, eta bistan da PSOEk izan zuela bertigoa Loiolako elkarrizketetan".
Mariano Raxoi (PPko presidentea)
"Ibarretxek ez du asmatzen bere lehentasunak jartzean. ETA bukatzea da lehenetsi behar dena. Zapatero ere horretan ados badago, aurrerapauso garrantzitsua emango dugu. Ibarretxek gaurko bileraren ondoren esan badu ez dagoela pozik, ni pozik nago".
ERREAKZIOAK.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu