EAJ
"Auzitegi Konstituzionalari ez dizkiogu gauzak erraz jarriko eta argudio garrantzitsu asko emango dizkiogu. Egiten dugun guztia burua hotz daukagula egingo dugu, gobernuko alderdiak gara-eta. Ez gaituzte mendira eramango, Madrilen egin nahi duten bezala. Beso-borroka juridikoa egingo dugu".
EA
"PSOEk eta PPk eztabaida estali nahi dutelako jarri dituzte helegiteak, baina jakin behar da indarkeriari eta arazo politikoei konponbidea emateko herritarrei galdetu egin beharko zaiela. Orain Auzitegi Konstituzionalaren aurrean defenditu egin beharko gara; argudio asko dago. Kontsulta ez da loteslea, eta hori arlo juridikoan garrantzitsua izan daiteke".
Aralar
"Kontsultaren alde bozkatu genuen alderdiek modu bateratuan erantzuten badugu soilik egingo diegu aurre oztopo eta debekuei. Legebiltzarretik bertatik defendatu behar dugu ganberak onartutako legea".
EB
"Helegitearekin, PSOEk eta PPk demokrazia parte-hartzailearen aurkako frontea hitzartuko dute Zapaterok eta Raxoik hilaren 23an egingo duten bileran. Berriz ere Gernikako Estatutua zapaldu nahi dute. Galdeketa legezkoa da, ez baita erreferenduma, ez baita loteslea".
EAEko PP
"Ibarretxeri, auzitegiei errespetua izateko exijitzen diogu, hori da haren lehen eginbehar demokratikoa. Ezin du gehiegikeria antidemokratikorik egin; hau da, ez dugu Jaurlaritza jendea berriro kalera ateratzen ikusterik nahi, sistemaren kontrako manifestazioak egiten".
Miguel Sanz (Nafarroako Gobernuko lehendakaria)
"Atzo Iñaki Azkunak [Bilboko alkateak] nolabait esan zuen zentzurik gabeko ekimenak albo batera utzi behar dituela EAJk, eta ni adierazpen horiekin bat nator. Ibarretxek hiru aldiz jo badu hormaren kontra, ez dezala laugarren aldiz saioa egin eta eman dezala buelta".
PSOE
"Galdeketa ez da egingo, ez delako legezkoa. Euskal subiranotasuna baino ez dute ezarri nahi, Espainiakoaren ordez, eta hori ez da konstituzionala. Espainiako Gobernuak azkar jokatu du, helegitea sartuta".
PSE
"Helegitea ez da autogobernuaren kontrako erasoa, lehendakariak esan duen bezala, baizik eta normaltasun demokratikoaren seinale bat".
Alfredo Perez Rubalcaba (Espainiako Gobernuko Barne ministroa)
"Seguru nago Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuari arrazoia emango diola, galdeketaren legea ez baita konstituzionala. Ibarretxek ez du ahalmenik halako kontsulta deitzeko".
Mariano Fernandez Bermejo (Espainiako Gobernuko Justizia ministroa)
"Ibarretxeren burutazioa gaur bertan geldituko da, helegitea sartu dugulako. Hemen erritmoa eta pausoak [Espainiako] Konstituzionak ezartzen ditu".
Lokarri
"Auzitegi Konstituzionalari erabakia lehenbailehen hartzeko eskatzen diogu. Gure ustez, galdeketaren legea legezkoa eta konstituzionala da. Espainiako Gobernuak, baina, gatazka politikoa auzitegi bidez konpondu nahi du, elkarrizketa eta negoziazioa erabili beharrean".
ERC
"Legalitateak ezin du demokrazia geratu. Espainiako alderdiek diote indarkeria dagoen bitartean ezin dela hitz egin, baina horrek ez du balio. Izan ere, Katalunian, esaterako, ez dago borroka armaturik, eta Estatutuaren kontrako helegitea sartu zuten".
ERREAKZIOAK.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu