ERREAKZIOAK.

2008ko irailaren 11
16:32
Entzun
Pedro Solbes (Espainiako Gobernuko Ekonomia ministroa).

"Pozik gaude Europak hartutako erabakiarekin, baina kupoak ez du zerikusirik Euskadiko autonomia fiskalarekin".

Unai Ziarreta (EAko lehendakaria).

"EAEko fiskalitatea defenditu baina Espainiako Estatuko beste erkidego batzuetatik helegiteak sartu dituztenentzat kolpea da Luxenburgoren erabaki hau. Adibidez, PPren eta haren inguruko elkarteentzat. PSE-EEk, berriz, ez du behin ere aldeko jarrera garbirik izan; Madrilek esandakoa betetzen du. Fiskalitatea da gure autogobernuaren bizkarrezurra".

Mikel Arana (EBko Presidentziarako bozeramaileak).

"Erabaki honen ondoren, EAJk eta EBk politika fiskal justuagoak eta aurrerakoiagoak egin beharko lituzkete. Hiru aldundietako Ogasun Sailek enpresariei elkartasun kuota handiagoa exijitu beharko liekete; garai onetan zerga jaitsierak izan dituzte enpresariek eta horrek milioi askoko etekinak izatea ahalbidetu diete".

Patxi Lopez (PSE-EEko idazkari nagusia).

"Albiste bikaina da eta epai erabakigarria, EAEko lurraldeek euren zergak izatea ahalbidetzen duelako. Badirudi eskumen hori bermatuta geratu dela".

Iñaki Arriola (Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia).

"Luxenburgoren erabaki honek behin betiko babesa ematen dio EAEko Estatutuari eta kontzertu ekonomikoari, batzuek Estatutua hilda dagoela esaten duten arren. Egonkortu egingo du euskal fiskalitatea, segurtasun juridikoa emanda. Erakundeak eta alderdi politikook bat eginda gaudenean, gauzek ondo irteten dute".

Aralar.

“Luxenburgeko erabakiak bultzada ematen dio Hego Euskal Herriko fiskalitateari, baina interpretaziorako bidea ere utzi du, euskal erakundeek autonomia ekonomikoa duten edo ez zehaztea EAEko Auzitegi Nagusiari egokituko zaiolako. Aralar beldur da EAEko Auzitegi Nagusiak erabakia hartu beharrean Espainiako Auzitegi Gorenera joko ote duen honek ebatzi dezan. Fiskalitate propioa defenditzen dugu, arlo sozialean inbertitzeko".

Antonio Basagoiti (EAEko PPko presidentea).

"Albiste zoragarria da, eta hemendik aurrera Espainian inork ez luke zalantzan jarri beharko kontzertu ekonomikoa, konstituzionala baita hau. Ibarretxek eta Zapaterok ez dezatela kaltetu euren liskarrekin".

Alvaro Miranda (Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburua).

"Pozik gaude erabakiarekin, historikoa baita. Izan ere, fiskalitate mota hori balekoa dela esan du Europak [antzeko eredua dauka Nafarroak]. Etorkizunerako guri ere ahal den etekin handiena lortzeko aukerak ematen dizkigu".

Confebask.

"Kontzertu ekonomikoaren eta euskal fiskalitatearen aldeko babes erabakigarria da. Orain, kontzertuaz dauden segurtasun juridiko ezak bukatzeko garaia da".

Eudel (EAEko udalen elkartea).

"Oso albiste ona da, eta segurtasun juridiko ezari bukaera ematen dio. Kontzertu ekonomikoa sendoa izatea udalen onerako da, gasturako ahalmen handiagoa dugulako".

EAEko CCOO.

"EAEko ekonomiara lasaitasun handiagoa ekarriko du erabaki honek, egoera argitu egin delako. Euskal erakundeek kontzertu ekonomikoa ez dute erabili langileen onerako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.