Izaskun Bilbao (Eusko Legebiltzarreko presidente ohia)
Gaur arte Eusko Legebiltzarreko presidente izan den Izaskun Bilbaok "gezurretan ibiltzea" eta "euren berba ez betetzea" leporatu dio PSE-EEri. Adierazpen horiek Eusko Legebiltzar berria eratzeko bilkuraren aurretik egin ditu.
PSE-EEeta PPren arteko bozen batuketa "legezkoa" dela, baina "herritarrei gezurra esatea oso kontu larria" dela gogorarazi du. PP "beti koherentea" izan dela eta PSE-EEk, aldiz, "PPrekin hitzarmenik egingo ez zuela iragarri zuen arren, hauteskunde gauaren aurretik garaile moduan agertu zela" gaineratu du.
Herritarrek PSE-EEren eta PPren arteko hitzarmena nahi ez zutela ere esan du Bilbaok, baizik eta "nazionalisten eta ez nazionalisten artekoa".
Jose Antonio Pastor (PSE-EEko legebiltzarkidea)
Gaurko inbestidura "normaltasun demokratikoko ariketa" dela esan du Pastorrek eta Eusko Legebiltzarreko Presidentziarako zerrenda bozkatuena errespetatzeko tradizio bat egotea 2EAJren beste gezur bat" dela esan du: "Gobernua babesten duten indar politikoei erantzuten dio Mahaiaren gehiengoak".
Antonio Basagoiti (PPko legebiltzarkidea)
"Aldaketa jada eman" dela azpimarratu du PPko kide Basagoitik. "Aldaketa lasaia, zentzuduna, egonkorra eta irauteko asmoa duena" izan dela gaineratu du. Bestalde, "Quiroga lehen bozketan hautatua" izan dela gogorarazi du, "Bilbaok hautatua izateko hilabete behar izan zuen bitartean".
Joseba Egibar (EAJko legebiltzarkidea)
"PSE-EEk eta PPk Idatzi gabeko araua aldatzea" kritikatu du kide jeltzaleak. Bozka gehien eskuratu dituen alderdiak Eusko Legebiltzarreko Presidentetza izan behar duela dio ustezko arau horrek. Era berean, ezker abertzalea Legebiltzarrean ez egoteagatik, "joko arauak aldatu" direla, eta "gaur Estatuko makinaria baten lehen urratsa" eman dela gaineratu du.
Aintzane Ezenarro (Aralarreko legebiltzarkidea)
Legebiltzarreko Mahaiko gehiengoa "elebiduna ez izatea" eta "Legebiltzarreko gehiengoa ez ordezkatzea" kritikatu du Ezenarrok. Izan ere, bere alderdiak lau legebiltzarkide eduki arren, ez du ordezkaritzarik erdietsi Mahaiean eta hori dela-eta EAJ kritikatu du.
Jesus Mari Larrazabal (EAko legebiltzarkidea)
Mahaiaren osaketa, "PSE-EEren eta PPren arteko hitzarmenaren lehen ondorio politikoa" dela adierazi du EAko kide Larrazabalek. Gainera, Quirogak Presidente moduan egindako lehen hitzak "euskara txarrean" egin dituela gaineratu du.
Gorka Maneiro (UPDko legebiltzarkidea)
Eusko Legebiltzarreko Mahaiko Presidentziara alderdi konstituzionalista bat iristea "oso interesgarria eta sinbolikoa" da Maneiroren aburuz. "Mahaiaren eta presidentearen funtzionatzeko moduaren berri ez emateagatik" bere alderdiak boto zuria eman duela ere azaldu du.
Mikel Arana (Ezker Batuak-eko legebiltzarkidea)
Legebiltzarreko Mahaiean "gutxieneko taldeak ordezkaturik ez izatea" txarretsi du Aranak; horretarako, PSE-EEk eta PPk "bazterketa" erabili dutela uste du.
ERREAKZIOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu