Erreakzioak

2010eko maiatzaren 12a
14:12
Entzun
ESPAINIAKO KONGRESUKO TALDEAK

Mariano Raxoi (PP)

"Zapaterok eskubide sozialen murrizketa handia egin du. Haren gaitasun eza pentsiodunek eta amek ordainduko dute. Presidenteak neurriak lehenago hartu izan balitu eta PPk esandakoa bete izan balu, hau ez zatekeen gertatuko". PPren ustez, ez litzateke baztertu behar hauteskundeak aurreratzea.

Cayo Lara (IU)

"Zapaterok marra gorria pasatu du, oso neurri gogorrak dira, gobernu sozialista batek hartu beharko ez lituzkeenak. Beraz, mobilizazio garrantzitsuak egongo dira. Pentsiodunek eta langileek sufrituko dute, ez espekulatzaileek eta bankukoek, azkenaldian izugarri aberastu direnek".

Josep Antoni Duran i Lleida (CiU)

"Gobernuak estatu zentzurik ez du izan azkenaldian. Guk neurriok aztertuko ditugu baina, halaber, itun eskaintza egiten diogu. Beste alderdion proposamenak kontuan hartu gabe hartu ditu neurriak Zapaterok, Europak presionatuta".

Joan Ridao (ERC)

"Ezinbestekoa izango da neurriak hartzea, baina ahulekin da indartsua Zapateroren gobernua, ez alderantziz".

Rosa Diez (UPD)

"Hauteskundeak aurreratu behar lituzke Zapaterok, espainiarrek erabaki dezaten. Krisi instituzional larria dago gobernu honengatik eta egoera ekonomikoagatik. Zapaterok ahaztu egin ditu benetan egin beharreko aldaketak; lan erreforma, kasu".

Joan Herrera (ICV)

"Ahulenak direnek ordainduko dituzte Zapateroren neurriak. Kontra gaude eta kalera aterako gara. Fiskalitate justuagoaren alde egin beharko luke gobernuak".

Uxue Barkos (Nafarroa Bai)

"Neurri hauek sinesgarritasuna behar dute, Zapaterok azaldu egin beharko lituzkeelako zergatik hartu dituen".

Francisco Jorquera (BNG)

"Arlo ahulenen aurkako neurriak dira. Baita erkidegoen kontrakoak ere, horietako hezkuntzak eta osasunak ordainduko dutelako; alegia, oinarrizko zerbitzuek".

Ana Oramas (CC)

"Zapaterok ez du aipatu ere egin langabeziaren arazoa. Gainera, erkidegoen aurka egin du".

EUSKO JAURLARITZA, NAFARROAKO GOBERNUA, ALDUNDIAK

Carlos Agirre (Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua)

"Ahalegin handia ari da egiten Zapatero, defizita nondik murriztu ja ez dagoelako. Erkidegook ere egin beharko ditugu gastu jaitsierak, jakina. Dena dela, Euskadiren defizita txikiagoa da".

Miguel Sanz (Nafarroako Gobernuko lehendakaria)

"Gastu publikoaren murrizketak ez luke eragin handirik izan beharko Nafarroan. Hala ere, neurriren bat hartuko dugu. Gainera, guk gastu publikoa kontrolatzen dugu lehendik ere eta, ondorioz, Nafarroako ekonomia ondo doala dirudi; Espainiakoa baino hobeto doa. Teknikoki gurea da atzeralditik atera den erkidego bakarra".

Alvaro Miranda (Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilaria)

"Zapateroren neurriak berandu datoz, eta gaizki. Bi urtean egin ez dena ezin da inprobisatu bi egunean. Herri honek ez du merezi hau. Nafarroako Gobernua aspalditik ari zen esaten gastu publikoa murriztu beharra dagoela, baina jaitsiera ez da horrela egin behar, baizik eta pixkanaka-pixkanaka, akordioak lortuz eta lasai".

Eneko Goia (Gipuzkoako Foru Aldundia)

"Abiapuntua eta egoera ez dira berdinak instituzio guztietan. Estatuaren administrazioa dago egoera kezkagarrienean, baina ikusteko dago diputazioei nola eragingo dien".

BESTERIK

Oli Rehn (Europako Batasuna)

"Neurriak bide onean doazela dirudi, baina ezin da gehiago esan azterketa zehatza egin artean".

Mikel Noval (ELA)

"Krisia botere ekonomikoek sortu dute eta horiek esaten dutena egiten du Zapaterok. Jende arruntak ordainduko du. Politika ekonomiko eta sozialak aldatu egin behar dira".

LAB

"Espainiako Gobernuak eskubide sozialak murriztuko ditu, eta Euskal Herrian justu kontrakoa egin behar da".

Mario Fernandez (BBK)

"Badirudi lehen aldiz norabide oneko neurriak hartu dituztela. Sakon aztertu beharko ditugu, baina musika gustatzen zait".

Isabel Salud (EB)

"Mobilizazio sindikal, politiko eta sozial handia egin beharra dago".

Candido Mendez (UGT)

"Oso neurri gogorrak dira, eta baliteke hurrengo asteetan mobilizazioak egitea. Zapaterok bere diskurtso politikoa hautsi du, eta sindikatuokin daukan harremana aldatu egingo da".

Ignacio Fernandez (CCOO)

"Ez da bidezkoa gobernuaren plana, antiekonomikoa da. Hainbat mobilizazio egitea aztertzen ari gara neurrien kontra".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.