Atentatuak Kantabrian eta Asturiasen

Erreakzioak

2004ko abuztuaren 7a
18:12
Entzun
Javier Balza, Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua

INDARKERIAREN LORRATZETIK ALDENDU GABE ZER LORTZEN DUEN GALDETU BEHAR ZAIO EZKER ABERTZALEARI

Javier Balza Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren iduriko, Kantabriako eta Asturiasko atentatuek argi eta garbi utzi dute ETA ez dagoela "su-eten egoera batean". Ildo horretatik, ETAri buruzko hausnarketa politikoak egitea alferrik dela nabarmendu du Balzak; hots, gogoeta politikoak ezker abertzaleari buruz egin behar direla esan du, eta sektore horri galdetu behar zaiola "indarkeriaren lorratzetik aldendu gabe" zer lortzen duen. "Hausnarketa politikoak ezker abertzaleari zuzenduta egin behar dira, politikoki bizirik iran nahi badute indarkeria politikoaren lorratz horretatik aldendu beharko baitira", esan du Balzak.

PSOE

TERRORISMOAREN AURKAKO ITUNA INDARTU BEHAR DELA IRITZI DIO SOZIALISTEN EXEKUTIBAK

Atentatuak gaitzesteaz gain, ETAri aurre egiteko PPrekin hitzartu zuen Terrorismoaren Aurkako Ituna indartzearen aldeko apostua egiten duela adierazi du gaur PSOEren Batzorde Exekutibo Federalak prentsa ohar baten bidez.

Begoña Errazti, EAko presidentea

"ETA BERRIRO ERE ENTZUNGOR AGERTU DA EUSKAL GIZARTEAREN GEHIENGOAREN BORONDATEARI DAGOKIONEAN"

Begoña Errazti EAko presidenteak gogor gaitzetsi ditu Kantabriako zein Asturiasko atentatuak. Horrez gain, ETAk ez duela euskal gizartearen gehiengoaren nahia aintzat hartzen iritzi dio Erraztik: "Berriro ere entzungor ageri da euskal gizartearen gehiengoaren borondateari dagokionez, gehiengo horrek ekintza armatua behin betiko utz dezala eskatzen baitio behin eta berriz", adierazi du Erraztik ohar baten bidez.

Aralar

"EKINTZA HORIEK KALTEGARRIAK DIRA EUSKAL HERRIARENTZAT ZEIN EZKER ABERTZALEARENTZAT

Prentsa ohar baten bidez gaitzetsi ditu Aralarrek gaurko atentatuak, eta, halaber, mota horretako ekintzak Euskal Herriarentzat kaltegarriak direla esan dioETAri. "Horrelako ekintzek ez diete inolako mesederik egiten abertzaleen helburuei, eta Euskal Herriarentzat zein ezker abertzalearentzat kalteagarriak dira", nabarmendu dute. Halaber, "etikoki zein politikoki" gaitzesgarriak direla nabarmendu du.

PP

ESPAINIAKO GOBERNU SOZIALISTARI "BABES OSOA" ESKAINI DIOTE POPULARREK

ETAren kontrako borrokan Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak PPren "erabateko babesa" izango duela adierazi du PPko Parte-hartze eta Ekintza Sektorialeko koordinatzaile Ana Pastorrek. "Banda hiltzaile horrekin eta babesten dutenekin amaitzeko borrokan segitu behar dugu", azpimarratu du. EAEko PPko buruzagi Caros Iturgaitzek, berriz, ETAren babesle izatea leporatu dio Jaurlaritzari atentatuen berri zabaldu denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.