Fagor Etxetresnak ez desagertzeko itxaropenari eutsi nahi dio Martin Garitanok. «Etsipenean ez erortzeko eta «amore ez emateko» dei egin du Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Debagoiena eskualdeko alkateekin bildu aurretik, Jokoan dagoena «lanpostuak baino» gehiago direla uste du, marka bat, lan egiteko modu bat, lan mundua ulertzeko modu bat». Diputazioa eta udalak laguntzeko prest daudela ziurtatu du, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "jarrera erabakigarria eta definitua hartzeko Gipuzkoan enplegua mantentzeko eta aberastasuna sortzeko".
Fagorren patua ezaguna zen LAB sindikatuaren ustez, Mondragonek «erortzen uzten» erabaki eta gero. LAB ez dago ados erabakiarekin, baina, era berean, ez dago ados erakundeek hartutako jarrerarekin, «4.000 langilek euren lanpostua galduko dutelako». Gobernuen politikaren «porrotaren adibide» da Fagor.
Jaurlaritza «ez da arduratsua izan, eta ez du egoerak eskatzen zuen eraginkortasunarekin jokatu» Fagorren auzian. Hala uste du PSE-EEko antolaketa idazkari Rodolfo Aresek. Lakuari eta Mondragon taldeari ahal dena salbatzeko eskatu die, «langileen egoera dramatikoa» ahal den neurrian arintzeko.