KOFI ANNAN· Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia
«Bake gizona izan da, eta NBEren sostengatzaile handia»
«Joan Paulo II.aren egoera oso gertutik segitu dut. Haren alde otoitz egin dut, hark niregatik eta bakeagatik egin zuen bezalaxe. Bake gizona izan da, eta Nazio Batuen Erakundearen sostengatzaile handia. (...) Bizi garen mundu honetaz oso arduratuta egoten zen eta gerrekin oso penatuta zegoen».
TONY BLAIR · Erresuma Batuko lehen ministroa
«Justizia sozialaren alde borrokatu zuen gizon berezia»
«Justizia sozialaren alde eta zapalkuntzaren kontra borrokatu zuen gizon berezia izan da. Erlijio guztietako jendeak gurtzen zuen buruzagi erlijiosoa galdu du munduak. Inspirazio iturri izan da, fede, duintasun eta kuraia handiko gizona. Errespetu eta miresmen handiz gogoratuko dugu».
JACQUES CHIRAC · Frantziako presidentea
«Elkartasun eta askatasunaren bidea erakutsi zion munduari»
«Historiak gogoratuko du aparteko pontifize hau. Munduko herri guztiei adiskidetasunaren, elkartasunaren eta askatasunaren bidea erakutsi zien etengabe. Adorez eta erabakitasunez izpirituak eta bihotzak ukitu zituen Elizaren ateak munduko itxaropenei eta sufrimenduei irekita.»
GEORGE BUSH · AEBetako presidentea
«Bakearen eta askatasunaren txapelduna galdu du munduak»
«Jaungoikoaren zerbitzari leial eta on bat etxera deitua izan da. Bakearen eta askatasunaren txapelduna galdu du munduak. (...) Jaunari eskerrak ematen dizkiogu halako gizon bat igorri zigulako. Guztiontzako inspirazioa da. Laurak [emaztea] eta biok haren alde otoiz egiten dugu».
CARLO A. CIAMPI · Italiako presidentea
«Itxaropena eta konfiantza helarazi digu guztioi»
«Italiar guztiekin batera Joan Paulo II.aren heriotzagatik negar egiten dut. Italia doluz dago; guztiekin samin sakona partekatzen dut. Aita Santuak gu guztioi itxaropena eta konfiantza helarazi digu, eta kontzientzia astindu, pertsonen eta gizarteen bizitzei zentzua ematen dien baloreekin».
SHIMON PERES· Israelgo lehen ministrordea
«Katolizismo eta judaismoaren arteko zubiak eraiki zituen»
«Benetako buruzagi izpirituala izan zen, eta haren buruzagitza ez zen bere sinestun eta fededunetara mugatu. Izpiritu handia ekarri zigun, ontasun izpiritua. Zalantzarik gabe katolizismoaren eta judaismoaren arteko zubiak eraiki zituen eta antisemitismoaren aurka egin zuen.»
Erreakzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu