Eusko Legebiltzarreko lehendakariaren aukeraketari irtenbide bat bilatzen aldera, proposamen zehatza egin dio PSE-EEk EAJri: bakoitzak bere hautagaia erretiratzea, eta hutsetik adostasun bila hastea.
"Erretiratze horretatik hasita, elkarrizketaren bidetik, ireki dezagun elkarrizketa ahalik eta adostasun handieneko Mahaia eratzeko; areago guztien adostasuna izan dezakeena", esan du Rodolfo Ares sozialisten Legebiltzarreko taldearen bozeramaileak.
Bere hautagaia Atutxa dela berretsi du EAJk
Joseba Egibar jeltzaleen taldearen bozeramaileak segituan erantzun dio Aresi: beren hautagaia Atutxa dela berretsi du. "Esan dezatela lehendabizi onartzen duten EAJk eskubidea duela Eusko Legebiltzarreko presidente izango den pertsona proposatzeko. Esan dezatela printzipio hori onartzen duten, eta onartzen badute, badakite nor den proposatu dugun eta proposatzen dugun pertsona", esan du Egibarrek.
Atutxari betoa ezarri diotela eta hori ez dela onargarria azpimarratu du Egibarrek.
Negoziaziorako deia EHAK-k
EHAKren legebiltzarkide Nekane Erauskinek, berriz, "arduraz" jokatzeko eskatu dio EAJri, eta hitzarmen bat lortze aldera beren taldearekin negoziatzeko. 'EAJ-EA' jartzen zuten txartelak sartu dituzte hautestontzian EHAKren ordezkariek , eta Erauskinen arabera, jeltzaleekin akordiora iristeko prest daudela adierazi dute horrela. "Adostasunerako borondatez elkarrizketa eta negoziazioak izaten badira babesa emateko prest gaude", adierazi du.
Atutxari betorik ezarri diotela ukatu egin du EHAKren legebiltzarkideak: "EAJk nahi duen hautgaia aurkezteko eskubidea du; guk pertsona egokia iruditzen zaigun edo ez erabakitzekoa".
Aralarrek malgutasuna eskatu du
Aralarren legebiltzarkide Aintzane Ezenarrok, berriz, beren jarrerak malgutzeko eta akordiorako bideak jartzeko eskatu die EAJri, PSEri zein EHAKri. Ezenarrok esan du Atutxari botoa emanez "akordioaren beharra" irudikatu nahi izan duela Aralarrek, gainerakoan, Legebiltzarra abian hastea zailtzen ari direlako.
Erreakzioak
Hautagai biak erretiratu eta "adostasuna lortzeko" proposamena egin dio PSEk EAJri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu