PSE-EE
Legegintzaldi honetan akordioak bilatzeko saioa egin behar dela iritzi dio PSE-EEk. Legebiltzarreko Mahaiko presidentea ezin aukeratuta ibiltzeak "euskal politikagintzan etapa berri bat irekitzeko balio behar du" Rodolfo Ares legebiltzarkidearen iritzian. Horregatik, beraien taldea horretarako prest dagoela jakinarazi du. Beraiek Joan Mari Atutxari botoa ez eman izana ez dela Atutxaren pertsonaren aurkako jarrera izan esan du, baina "garai berria" irekitzeko Atutxa ez zela pertsona egokia iritzi diote.
PP
PP, berriz, ez dago gustura, Eusko Legebiltzarreko presidentea EHAKren babesarekin erabaki delako. Beraiek hautagaia aurkeztu eta hari botoa ematearen arrazoia PSE-EEren hautagairik ez egotea izan dela azaldu du Leopoldo Barredak. PSE-EEk erabaki hori nola hartu duen ez dutela ulertzen ere azaldu du.
EB
Antton Karrerak azaldu duenez, beraien iritzian Atutxa hautagai ona zen, baina ezin zen blokeo horrekin gehiago jarraitu. Beraz, "blokeoa gainditu delako" pozik azaldu da. Bere iritzian EBren jarrera "ezinbestekoa" izan da horretarako. Legegintzaldi hau ez dela "ondo hasi" dio, "pertsona bati muga jarri zaiolako". EBren iritzian, "hori txarra da elkarrizketaren garai berrietan".
Aralar
Aralarri ez zaio gustatu EHAK Eusko Legebiltzarreko Mahaian ez egotea. Nolanahi ere, talde horretako legebiltzarkide Aintzane Ezenarro gustura agertu da "blokeo egoera gainditu delako". Presidente berria emakumea izatea "baikorra" dela dio.
Erreakzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu