Erregaia %10 inguru merkatu da udaz geroztik Euskal Herrian

2014ko azaroaren 27a
16:01
Entzun

Ez da beharrezkoa kalkulagailua ateratzea: autoa, kamioia, traktorea edo beste ibilgailu bat erregaiez bete duen edonor ohartu zen honez gero bere faktura ez dela %35 merkatu. Jaitsi bai jaitsi direla gasolioaren eta gasolinaren prezioak, baina gutxiago. Hego Euskal Herrian, esaterako, %10 merkatu da gasolioa 2013ko otsailean goia jo zuenetik: 1,36 ordaintzen zen batez beste orduan, eta 1,22ren bueltan dago orain (merkeago Nafarroan edo Araban Bizkaian eta Gipuzkoan baino). Ipar Euskal Herrian, berriz, jaitsiera %13koa izan da, 1,40etik 1,22ra.
Antzera merkatu da gasolina, gutxi gora behera %11 Euskal Herri osoan. Hori bai, nabarmen garestiagoa da oraindik Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan (1,41 euro) beste lurraldeetan baino (1,28).

Hiru dira petrolioaren merkatuko gorabeherek ez izatea isla zuzena erabiltzaileen patriketan. Bata da erregaiaren kostuaren zati bat baizik ez dela petrolioa. Urre beltza putzutik ateratzen denetik autoaren motorrera sartzen den arte kostu nahiko finkoak dituzten hainbat prozesu jasaten ditu: putzutik findegira eraman behar da, findu, biltegiratu, banatu... Prozesu horretan erregaiaren prezioa igotzen duten faktore asko daude, hala nola aktoreen irabazi marjinak, aseguruak eta zergak. Azken horiek, berez, erregaiaren azken prezioaren errudun nagusiak dira. Hidrokarburoen zerga bereziak eta BEZa batuz gero, ogasunen kutxara doaz gasolindegiko langileari emandako bi eurotik bat. Iparraldean ezantza garestiago izatearen arrazoietako bat da, hain zuzen ere, zergetara %57 doala.

Beste faktore bat euro-dolar kotizazioa da. Dolarretan %32 merkatu da, baina eurotan gutxiago, azken hilabeteotan euroak bere balioaren %9 galdu duelako dolarrarekiko. Uztailean, Brent upelak 115 dolar balio zituenean 1,36 dolarretan salerosten zen euroa. Petrolioak, beraz, 82,5 euro balio zituen. Atzo, berriz, 62 euroren bueltan zebilen, %24 merkeago.

Hirugarren faktorea petrolio konpainien prezio politika da,  arritan ‘suziri-luma efektua’ izenarekin definitutakoa: petrolioaren garestitzea automatikoki ezartzen dute, baina jaisten hasteko denbora gehiago hartzen dute. Praktika horrengatik ikerketa zabaldu die Espainiako Lehia Batzordeak, ohartu baita udaz geroztik handitu egin direla petrolio konpainien irabazi marginak.
  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.