PPren lerro orokorretik aldendu zen joan den martxoko udalbatzarrean Chema Herzog; zehazki, Pikoketa Oarsoaldeko Talde Errepublikanoaren mozioan. Bertan, Errenteria III. Errepublikaren aldeko udalen sarean txertatzeko eskatu zuten, besteak beste.
Azken udalbatzarrean Oarsoaldeko Talde Errepublikanoaren mozioan abstenitu egin zinen, arrazoituz, ideia horiekin bat egiten zenuela, ordezkatzen duzun alderdiak ez bezala. Ez al dago hor kontradikziorik?
Nire alderdian denetarik dago. Ni albaitaria naiz, eta nire bezeroen artean, pertsona zoragarri bat zegoen, Uson, hegazkinlari errepublikanoa. Pertsona horrek asko hitz egin zuen nirekin errepublikako hegazkintzaz, eta berarekin enpatizatu nuen. Agindu nion hegazkintza errepublikarra eta bere balentria gogoraraziko nituela. Nire agindua bete nuen, eta hitzaldi bat eman nuen, xede horrekin. Era berean, Pikoketa talde errepublikanoko kide egin naiz. Pikoketa elkarteak aurkeztu badu mozioa, bertako kide naizenez, ez dut kontra bozkatuko, baina jarrera pertsonala da, ez diola zertan alderdiari eragiten alegia. Abstenitu nintzen nire alderdiaren boto politikoarekiko, kontrakoa izan zela, alderdiaren doktrinari jarraituz. Demokrazia gehiengoaren jokoa da, baina gutxiengoarekiko. Nire alderdia demokratikoa da, eta ni errepublikanoa izanagatik gutxiengoa naiz, eta errespetatzen naute.
Horrek ez al zaitu alderdiaren ildo ideologikotik aldetzen?
Ez. Oinarrian PP ez da ez monarkiko ez errepublikanoa. Ideia sozial-ekonomiko jakin batzuk dauzka. Oro har, ordena konstituzionala errespetatzen du, eta baita nik ere, baina ideologia bezala, errepublika gehiago gustatzen zait. Errege bat, garai hauetan, anakronismo bat dela iruditzen zait.
Hain zuzen, ondorengotzaren harira, eztabaida handia dago gaur egun.
Nire alderdiak jarrera politiko batzuk ditu errespetatzen ditudanak. Alderdia ordezkatzen dudan neurrian, nire alderdiaren postulatuen arabera jokatuko dut.
"Errege bat, garai hauetan, anakronismo bat dela iruditzen zait"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu