Iñigo Astiz
Iruñea
1983ko urtarrilaren 1ean hasi zen ETB ematen. Hala izan zen, behintzat, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Denbora gehiago kosta zitzaien uhin horiei, baina, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko lurraldeetara heltzea. Beren poltsikotik ordainduta, eta haiek eraikita jarri zituzten ETB ikusi ahal izateko beharrezkoak ziren antena eta errepikagailuak hainbat eta hainbat herritan, eta nahiak bultzatuta antenista egin ziren denboraldi batez behintzat herritarrak.
Altsasuarrak izan ziren lehenak Nafarroan. "Ematen hasi, eta berehala ikusi ahal izan genuen guk ETB", azaldu du Ander Argomaniz altsasuarrak. "Arabako lautadatik heltzen zitzaigun seinalea, eta seinale hori ikusita, errepikagailu bat jar zezan eskatu genion udalari". Ez zuten baimenik jaso, baina ezta ezetzik ere, eta aurrera egitea erabaki zuten.
Beren poltsikotik ordaindu zituzten errepikagailua jartzeak zekartzan gastuak. Txartel modukoak egin zituzten horretarako; 500 bat pezetatakoak (hiru euro) ziren gehienak, eta herritarren artean ordaindu zuten zatirik handiena. "Auzolanean eraiki genuen, eta kontu handiz, TVEko kateei trabarik ez egiteko, akabatu egingo gintuztelako, bestela!".
Hala egin zuten Altsasun, hala Iruñea inguruan, baita Tuteran ere. 585.000 pezeta -3.500 euro inguru-. Hori izan zen gastu osoa, eta herritarren artean ordaindu zuten gehien-gehiena, zozketa baterako txartelak salduz. Beterri izeneko peñak jarri zuen falta zen gutxia, hura izan baitzen inguru hartan ETB ikusi ahal izateko gehien mugitu zen elkartea.
Arabatik heltzen zen seinalea hartzen zuten Tuterako herritarrek ere. 1986an hasi ziren ETBren lehen irudiak ikusten inguru hartan. Cabanillasen eraiki zuten antena hartuko zuen etxola. "Traktoreekin igo genituen denon artean igo beharreko gailu guztiak, eta, egia esan, nahiko nahaste handia izan zen, bai", gogoratu du Iñaki Bergara Beterri peñako kideak.
Antena ipintzeko etxola eraikitzeaz gainera, argindarra sortzeko haize errota bat ere jarri zuten. Ez zuen indar askirik ematen, ordea, beharrezkoak zituen bateriak kargatzeko. Behin baino gehiagotan egiten zuen huts, eta maiz joan behar izaten zuten bateriak berritzera. "Abenduaren 31n ere joan behar izan genuen, gauez, korrika batean. Zinemara eramateko modukoa zen hura!". Eguzki plakak erosi zituzten gero hori konpontzeko. «Ezin hobeki funtzionatzen zuen orduan».
Bergarak gogoratzen duenez, Tuterako Udala, ez zegoen ez alde, ez kontra, eta utzi egin zien antena jartzen. "Inor ere ez zen ETB ikusi ahal izatearen aurka agertu, pilota eta futbol partidak botatzen zituzten, eta orduan kate gutxiago zegoenez, gehienak pozik zeuden horrekin. Garrantzitsua zen, gainera, Erriberan telebista euskaraz ikusi ahal izatea".
Gerora, ETB ikusi ahal izateko antena berria jarri, eta Tuterako Udalak hartu zuen bere gain argindarrez hornitzeko betebehar eta gastua. Hala da oraindik ere.
Athleticen eta Osasunaren arteko partida bat du gogoan Argomanizek. "ETBtik botatzen zuten norgehiagoka, leporaino bete ziren jendez Altsasuko ostatu guzti-guztiak. Baita okindegiak ere. Goraino. Iruñea ingurutik ere etorri zen jendea. Bigarren minututik hasita, baina, bi gol sartu zizkioten Osasunari, eta hor bukatu zen gure euforia".
Beldurra ere bazuten, ordea. Hala dio Argomanizek. "Oso presente genuen edozein joan zitekeela mendira errepikagailua ostikoka botatzera". Ez da halakorik gertatu, ordea. Alegalak dira, halere, oraindik Nafarroako etxeetara ETB daramaten errepikagailurik gehienak.
Itzalguneak oraindik ere
Antzekoa izan da Ipar Euskal Herrian ETBren historia ere. Herritarren artean jarri dituzte errepikagailu gehienak, eta, egun, 40 bat daude Ipar Euskal Herri osoan. Han-hemenka.
ETBren emisioa, baina, ez da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lurralde guztietara heltzen, eta hainbat itzalgune dago oraindik ere betetzeko, behar besteko errepikagailurik ez dagoelako. Nafarroan gertatzen den bezala, alegalak dira tresna horiek guztiak Ipar Euskal Herrian ere.
Hasiera batean, erradioespektroaren erabileraz arduratzen den Frantziako Ikusentzunezko Kontseiluak (CSA) ez zuen antena horien ez alde, ez kontra egin. Beste alde batera begiratu zuen. ETB ikusi ahal izateak beste emisioei traba ez egiteko frekuentzia bat adostu zuten, halere. Status legalik ez dute eskuratu oraindik ere errepikagailuek, eta, hainbat herri erakunde, sindikatu eta Euskararen Erakunde Publikoa arduratzen dira mantenuaz.
Aipatzekoa da, bestalde, emisioa digitalak hasi zirenetik, ETB analogikoan ikusi ahal izatea zailagoa egiten zaiela herritarrei. Diotenez, analogikoaren irudia kaltetzen du emisio digitalak.
ERREPORTAIA. Herritarrak 'antenista'
Herritarrak arduratu ziren Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ETB ikusi ahal izateaz. Erakundeen baimenik gabe, baina ezezkorik gabe jarri zituzten errepikagailuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu