Erronkaz eta zailtasunez beteriko ibilbidea izan du Herri Irratiak
Herri Irratiak ibilbide luzea du. 1961ean sortu zen, eta hasiera batean Donostiako eta Loiolako irratiek osatzen zuten. Urteetan, irratiaren zabalkundea Gipuzkoara mugatu zen. Baina, 2003az geroztik, Herri Irratiko zuzendaritza aldatzearekin batera, egitasmo berriak jarri zituzten martxan. Alex Aranzabal izendatu zuten zuzendari kudeatzaile, eta Hego Euskal Herrirako egitasmo elebidun bat martxan jartzea izan zuen helburu nagusi, baina irratia nagusiki gaztelaniaz izanda. Hala, pixkanaka sei eremutara zabaldu dute Herri Irratia: Gasteizkoa 2003an sortu zuten, Bilbokoa 2004an, Eibarkoa 2007an, eta 2008an Durangokoa sortu zuten. Nafarroan ere zabaltzeko saioak egin zituzten, baina, baimenak lortzeko zailtasunak direla medio, ezin izan zuten Nafarroara hedatu. Urteetan Herri Irratiak hainbat zailtasuni aurre egin behar izan die. COPE irrati kateari atxikita egon zen. Baina bi irratiek ildo editorialean desadostasunak zituzten, eta bakoitzak bere bidea hartu zuen 1993an. Azkeneko urteetan, arazo ekonomikoei aurre egin ezinik ibili dira Herri Irratia-Loyola Media taldeko arduradunak. Hortaz, aspalditik proposatutako prozesua hasi zuen iaz, salmenta heldu den arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu