Mikhail Jodorkovski
Errusia gaztearen ametsa
Errusiako aberatsena zen Mikhail Jodorkovski (Mosku, 1963), Jukos petrolio enpresaren sortzailea. Errusiako Federazioa sortu berritan, enpresari gazteen belaunaldiko ikur nagusiena bilakatu zen —harekin batera, nazioartean, Roman Abramovitx da ezagunenetakoa, batez ere, Ingalaterrako Chelsea futbol taldearen jabe egin zenetik—. Errusia gaztearen ametsa irudikatu zuen belaunaldi horrek; sozialismoaren balioetan hezi ziren, baina Sobietar Batasuna desegin eta Errusia kapitalista sortu zenean, enpresa nazionalen pribatizazioetan esku hartu eta aberastasun itzela pilatu zuten. Jodorkovskiri, ordea, 2003an amaitu zitzaion ametsa, Errusiako zerbitzu sekretuek atxilotu zutenean, zergak saihestea egotzita. Enpresariak errugabe dela aldarrikatu du beti, eta Vladimir Putin Errusiako lehen ministroaren trikimailuei egotzi die haren espetxeratzea. Izan ere, 1990eko hamarkada bukaeran, Kremlinen arerio politikoak finantzatzen hasi zen Jodorkovski. «Lapurrak kartzelan behar du», adierazi zuen Putinek, azken epaiketa hasi aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu