Epailearen agindurik ez izan arren, ertzain batek Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitzako kazetari bati argazki kamera kendu dio gaur.
Ibarran gertatu da hori, arratsaldean. Laurak eta laurden aldera ertzainak joan dira Subegi ‘herriko tabernara’, Espainiako Auzitegi Gorenak aginduta, Batasunaren ilegalizazioa guztiz gauzatzeko hango ondasunen likidazioa egin nahian. Denera 20 bat ertzain azaldu eta haietako bi kanpoan geratu dira, han inguruan zeudenei distantzia batera egoteko exijituz. ‘Herriko taberna’ kanpoan zegoen orduan Hitzako kazetaria informazioa betetzeko asmoz eta ertzainak esandako tokira joan da. Bere lana betez, argazkiak ateratzeari ekin dio, informazio eta askatasun eskubidean oinarrituta.
Kazetaria argazkiak ateratzen ari zela ikustean, ertzain bat harengana joan da, hanka zapaldu dio, bultzatu ere bai eta kamera kendu dio. Hitzakoak esan dio kazetaria dela eta ertzainak txoko batera eraman du. Hitzakoak kazetari kreditazio txartela erakutsi dio eta kamera itzultzeko eskatu. Izan ere, ertzainak ez zeukan hori egiteko agindu judizialik eta, modu horretara, kamera kentzea ez da legezkoa. Alferrik. Poliziak, Espainiako Nortasun Agiria ere eskatu dio, eta bi agiriak hartu, itxoiteko esan eta joan egin da.
Kazetariak denbora batera berriro eskatu dio kamera-eta itzultzeko, baina poliziak erantzun dio dei baten zain zegoela, kazetaria «identifikatzen» ari zirelako.
Bostak eta laurdenean itzuli dizkiote Hitzakoari kamera eta agiriak.
Kasuaren larritasuna ikusita, Hitzaren enpresa Tolosa Herria Hedabideek salaketa jarriko dute Tolosako epaitegian hurrengo egunetan.
Ertzain batek argazki kamera kendu dio HITZAko kazetari bati, epailearen agindurik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu