Ertzaintzak kargatu egin du plazan

2009ko urtarrilaren 17a
13:45
Entzun
Tentsioa udalbatzar hasieran, plenoan eta ondoren. Eta, batik bat, ondorengoa izan da tentsiorik handienekoa, Ertzaintzak plazan kargatu egin duelako, 12:45ak aldera.

Plenoa 12:35ean bukatu da eta handik bost minutura utzi dute aretoa Julian Eizmendi alkate berriak eta EAJko zinegotziek, arduradunek eta jarratzaileek. Ezker abertzaleko ehunen bat lagun plazan elkartuta zeuden, EAJren aurkako eta ANVren aldeko oihuak egiten. 30en bat ertzain zeuden han, eskopetekin eta burua estalita. Jeltzaleek plaza utzi dutenean ertzainek kargatu egin dute ezker abertzalekoen kontra. Ez dute gomazko pilotarik bota, baina jendea jo egin dute borraz, eta lurrera bota ere bai. Komunikabideetako kazetari, argazkilari eta telebista kamera batzuek ere jaso dituzte ertzainek bultzakadak.

Liskarra hasi denean artean Iñaki Errazkin gaur arteko alkatea udaletxean zegoen, baina segituan jaitsi da, Xanet Esnaola alkateorde ohiarekin batera, eta Ertzaintzako buruarengana joan dira, hitz egitera. Errazkinek esan die jendea plazan elkartuta zegoela, euren aldarrikapen eta kritika oihuak egiten, eta hori errespetatzeko eskatu die. Ertzainek, baina, jendea joka segitu dute. Berriro joan zaie Errazkin, eta plaza uzteko eskatu die.

Gaur arteko alkateak 12:45ean ezker abertzaleko jarratzaileak plazan bildu ditu, kiosko aurrean, eta eskerrak eman dizkie gaur udalbatzarrera babesa agertzera joateagatik. Ezker abertzaleak orain arte bezala lanean jarraituko duela adierazi du hark. Ondoren Eusko gudariak abestu dute -ertzainak hiru metrora zituztela-, eta plaza uzten joan dira. Poliziak orduan hasi dira euren furgonetetara joaten.

"Hementxe, oraindik alkate paperean", esan du irribarrez Errazkinek bukaeran, jendea zoriontzera joan zaionean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.