Askatasunak jakinarazi duenez, Julen Mendizabal gaztea atxilotu du Ertzaintzak Arrasaten (Gipuzkoa), hain zuzen ere, bart goizaldean Espainiako Poliziak herri horretan egin dituen atxiloketen aurkako ekitaldietan parte hartzen ari zela. Askatasunaren arabera, oso bortitza izan da Mendizabalen atxiloketa, eta eman dizkioten kolpeen ondorioz, erietxera eraman behar izan dute.
Aipatutako iturriak agertu duenez, beste herritar batzuekin batera goizaldeko atxiloketei buruzko informazioa zabaltzen ari zen Mendizabal Ertzaintzak haien aurka egin duenean. Askatasunaren arabera, "lurrera bota, jipoia eman, eta Arrasateko Eskualdeko Erietxera eraman ostean" atxilotu dute gaztea. Bergarako polizia etxera eraman dute preso.
Ospitalean egin dioten azterketan Mendizabalek gorputz osoan kolpeak dituela jasotzen dela agertu du Askatasunak, eta, gazteak, batik bat, belaunetan eta buruan sentitzen duela mina.
Iturri berak azaldu duenez, atxiloketa horren berrizabaldu denean, hainbat lagun joan dira Ertzaintzaren Bergarako polizia etxera, baina ez diete Mendizabalen egoerari buruzko azalpenik eman. Anaia joan denean ere ukatu egin diote informazioa.
Ertzaintzak mutil gazte bat atxilotu du Arrasaten; erietxera eraman behar izan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu