Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkide eta Sortuko presidenteak gaitzetsi egin ditu Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Estebanen atxiloketak. Baita Ertzaintzak gaur goizean Gasteizen izandako jarrera ere. Arraizek EAJri eskatu dio "Espainiaren estrategia zapaltzailea betearazten duena" izateari uzteko. Udal eta foru hauteskundeen harira, EH BIlduk Donostian erabakitze eskubidearen alde egin duen ekitaldi batean hitz egin du Arraizek.
Sortuko presidentearen esanetan, Ertzaintzak Andra Mari zurian izandako jarrera ezin da justifikatu: "Batzuk iraganera atzerapausoa eman nahi dute, zigor onartezinekin eta atxiloketekin". Arraizen arabera, "bakezko etorkizun bat" eraiki nahi bada, "lekuz kanpo" daude estrategia horiek.
Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak ere "poliziaren indarkeria" salatu du EFE berri agentziari eginiko adierazpenetan: "Ez dugu zerikusirik, Segirekin, Bildurekin eta indarkeriaren oinordekoekin, baina ezta Poliziaren indarkeriarekin ere". Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak mitin bat zuen iragarria Gasteizen Galiziako ordezkariarekin batera, baina bertan behera utzi dute Andra Mari Zuriko gertakariak direla-eta.