Artea oztopo fisiko eta psikikoak gainditzeko erremintatzat baliatzen duten lantegi guztien artean, Creative Growth Art Center (CGAC) izenekoa da zaharrena, handiena eta ezagunena. Zaharrena, 1974ean sortu zelako, eta, hortaz, aitzindaria izan zen zeregin horretan; handiena, 140 artista inguruk lan egiten dutelako zentroak Oaklanden (Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak) duen egoitzan; eta ezagunena, han trebatutako zenbait artistaren lanak San Frantziskoko Arte Modernoko Museoan, New Yorkeko MoMA museoan eta hainbat arte galeriatan ikusgai daudelako, eta artista horietako batzuek, Dan Millerrek edo Judith Scottek esaterako, ospea erdietsi dutelako.
Duela berrogei urte jarri zuten egitasmoa abian Elias Katz eta Florence Ludins senar-emazteek. Elias Katz psikologoa zen, arazo psikikoak zituzten pertsonekin lan egindakoa; Florence Ludins, berriz, artista eta arte irakaslea. Etxeko garajean taula batzuk jarri zituzten, margo eta paperekin hornitu zituzten, eta gaixo psikikoentzako egoitza batetik berriki ateratako zenbait lagun gonbidatu zituzten hara joatera.
Proiektua apurka-apurka hasi zen handitzen eta gorpuzten. Horregatik, 1977ko hasieran ezgaitasunak dituzten pertsonen arteari buruzko I. Nazio Konferentzia antolatu zuten. Batzar horretan, hurrengo urteetan CGACek garatuko zuen lanaren ardatzak finkatu zituzten, abiapuntu argi batetik: pertsona guztiek, jasaten dituzten mugak gorabehera, badute sortzeko gaitasuna.
Etekin ekonomikoa
Celia Andreu Sanchez neurozientziak eta komunikazioa uztartzen dituen Neuro-Com ikerketa taldeko zuzendaria da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (Katalunia). 2009an, beka bat jaso zuen Miguel Angel Martin lankidearekin batera Berkeleyko Unibertsitatean (AEB) egonaldi bat egiteko. Horren ondorioz, CGAC ezagutu zuten, eta hiru hilabete eman zuten gune horren ezaugarriak ikertzen.
Andreuren ustez, CGACren ezaugarri nagusia da helburuen artean "egindako artelanei etekin ekonomikoa ateratzea" dagoela: "Xedea ez da parte hartzaileek lanak egitea, astearen bukaeran senitartekoek hartu eta karpeta batean gordetzeko. Helburua da lan horiek salgarriak izatea nazioarteko arte merkatuan, sormenaren aldetik interesgarriak direlako, eta ez artisten ezaugarri bereziengatik".
Helburu hori lortzeko, "lan gogorra" egiten du zentroaren zuzendaritzak: "Buru belarri sarturik daude artelanak erakutsi, zabaldu eta saltzeko ahaleginean. Nazioartean erakusketak egiten dituzte, eta saiatzen dira artelanak New York, San Frantzisko, Korea, Paris eta beste hainbat lekutako museo eta galerietan ager daitezen".
Ahalegin hori ez da zentroaren arduradunen apeta hutsa. Artelanen salmentatik ateratzen den diruaren zati handi bat artistarentzat izaten da, eta diru horrek, Andreuk dioenez, ate asko zabaltzen ditu: "Familia askok gutxietsi egiten zituzten pertsona horiek, aparteko ardura edo gastua ekartzen zietelako, baina dirua irabazten hasten direnean, familiaren sostenguan laguntzen duten familiako kidetzat hartzen hasten dira. Familiaren eta gizartearen onespena handitu egiten da". Horrela, artegintzari esker lortutako dirua integrazio eta onarpenerako bide ere bilakatzen da.
Judith Scotten kasua
Artearen giroan ospea eta onespena jaso duten hainbat artista atera dira CGAC zentrotik. Baina, seguru asko, Judith Scott da horien artean ezagunena. Eta bere kasua, lazgarrienetako bat.
1943ko maiatzaren batean jaio ziren Judith Scott eta haren ahizpa bikia, Joyce. Kromosoma baten aldeak erdibitu zituen bi ahizpen patuak: Judithek Down sindromea zuen, gorra izateaz gain. Sei urte bete arte, bi ahizpak elkarrekin hazi ziren, baina eskolara joateko garaia iritsi zenean banatu zituzten. Medikuek ez zuten Judithen gortasuna detektatu, eta hitz egiten ez zuela ikusita, haren buru-gaixotasuna uste baino larriagoa zela pentsatu zuten eta egoitza batera bidali zuten.
36 urte eman zuen Judith Scottek buruko gaixoentzako zenbait egoitzatan. Denbora tarte horretan, inor ez zen konturatu gorra zela, ez zioten diagnostiko egokirik egin, "jokabide arazoak" zituela ebatzi zuten eta botikaz lepo bete zuten. 1985ean, Joyce Scottek ahizparen zaintza berreskuratu zuen; haren mediku txostenak irakurrita, hutsune arraroak zeudela ikusi zuen, eta medikuak botika berriak esperimentatzeko erabiltzen ari zirelako susmoa sortu zitzaion.
Ahizparekin bizitzen jarri eta gutxira, CGACra joaten hasi zen Judith Scott. Lehenengo asteetan, eseri eta paperetan zirriborroak egiten zituen. Gero, artilearekin lan egiten hasi zen. Artilezko eskulturak egiten zituen, eta aurkitzen edo lapurtzen zituen gauza guztiak erabiltzen zituen eskulturetan: zapatak, aulkiak, etxeko tresnetako zatiak, bizikleta bat. Artilez estaltzen zituen, gero eta artelan handiagoak eginez.
Scotten artelanak ospetsu bilakatu ziren. Arte adituen arabera, Scotten moldeak bat egiten zuen AEBetako artisten garai hartako joera abangoardistekin. Mundu osoko zenbait museok eta bildumazale pribatuk erosi zituzten Scotten artelanak, dirutza handiak ordainduta. Scotten itzala izugarri hazi zen.
Hainbat film dokumental egin zituzten Judith Scotten inguruan; ezagunenak, Betsy Bayharen Outsider: The life and art of Judith Scott —outsider, hots, arrotza, kanpotarra edo ertzean dabilena, da arte mota honi AEBetan ematen dioten izendapena— eta Lola Barrera eta Iñaki Peñafielen ¿Que tienes debajo del sombrero?. 2006koak dira biak. Scottek ez zituen inoiz ikusi: urtebete lehenago zendu zen, 2005eko martxoan.