Espainiako Gobernuak botiken berrordainketa ezartzera derrigortuko du Eusko Jaurlaritza, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarrita. Jaurlaritzaren erabakia legez kontrakoa dela argudiatuz, helegitea aurkeztuko du Espainiak, ostiral honetan beranduen.
Konstituzionalak helegite hori tramitera onartzen badu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan berehala jarri beharko da indarrean botiken berrordainketa —pentsionistek botiken % 10 ordaindu beharko dute—, Konstituzionalak horri buruzko erabaki bat hartzen duen arte, gutxienez.
Hilabeteak edo urteak igaro daitezke Konstituzionalaren erabakia iritsi arte. Ondorioz, Hego Euskal Herri osoan jarriko litzateke martxan neurria, Nafarroako Gobernuak hasieratik onartu baitzuen eta pasa den uztailaren 1etik dute abian.
Espainiako Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasun Ministerioak 456 sendagairen zerrenda proposatu zuen finantzaketa publikotik kentzeko. Tartean dira, adibidez, eztularekin edota gripearekin zerikusia duten botikak. Ana Mato Osasun ministroaren arabera, neurri horrek Osasun Sisteman“440 milioi euro aurreztea” eragingo luke.