"Lotsagarria" da Emilio Olabarria EAJko diputatuarentzat Madrilek ez errespetatzea Europako araudi juridikoan sartua dagoen nazioarteko ituna. Eskubide Sozialen Europako Batzordeak egindako txostenean Espainiako Gobernuari egindako kritiken berri jakin ondoren egin ditu adierazpenok. "Espainiak ez ditu hainbat artikulu betetzen, eta txostenak Espainian babes sozialen hainbat arlotan atzera egin dela azaltzen du".
Ituna ez berresteak "hainbat perbertsio egiteko aukera ematen dio Espainiari", nabarmendu duenez, besteak beste, atzerritarrei osasun arretarik ez eskaintzearena edota lan eremuan gertatzen direnak.
Ituna "oinarrizko tresna da eskubide sozialak defendatzeko eta Europako herritarren ongizatea hobetzeko", eta Olabarriak ahalegina egiten jarraituko duela nabarmendu du, "lehenbailehen" berretsi dezan Madrilek ituna.