Arnaldo Otegi espetxeratu izanak balizko bake prozesu batean Espainiako Gobernuak zernolako jarrera izan nahi duen adierazten duela uste du Pernado Barrena Batasuneko mahaikideak: zehazki, etorkizuneko bake prozesu bati begira "mintzakiderik gabeko ezker abertzale ahul bat" nahi duela Zapaterok iritzi dio Euskadi Irratiko politikarien solasaldian. PSE-EEko Ramon Etxezarretak, berriz, halakorik ez gertatu izana nahiago lukeela esan du.
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailearen espetxeratzea izan dute eztabaidagai nagusi Euskadi Irratiko politikarien solasaldian. Barrena Otegiren alderdikidearen arabera, erabaki horren bidez balizko bake prozesu bati begirako posizioa zehaztu nahi izan du Espainiako Gobernuak. "Nik uste dut denok ikusi ditugula aldaketak eta nobedadeak azken egunetan, baina era berean, ikusi dugu apostu horren garapenean zernolako zabalpena daukan: Gobernuak nahi duela ezker abertzale ahul bat, mintzakiderik gabea, eta hori erasotzat baino ezin da hartu. Areago, kontuan hartuta Batasunak oso garbi hartu duela bakea lehenesten duen bidea. Beraz, atera dugun ondorioa da bakeari oztopo handia jartzen diola espetxeratze horrek. Ezin da bake eszenatokia erraztu zure mintzakide izango denari zuzenean eraso eginez", esan du.
Nolanahi ere, Otegiren kartzelaratzearekin ez dela "deus bukatu" adierazi du Barrenak, "besteak beste, deus ez delako hasi". Baina Batasunaren interesa bakea dela berretsi du, eta "kanpoko eragileen jardunak" ez dituela jarrera horretatik mugiaraziko.
EAJko Markel Olanok, EAko Sabin Intxaurragak eta EBko Mikel Aranak Otegi espetxeratzeko arrazoiak judizialak baino areago politikoak direla iritzi diote; hau da, Espainiako Gobernuak sustatuko bulkada politikoa dagoela oinarrian. PSE-EEko Ramon Etxezarretak auzitan jarri du baieztapen hori, eta Otegi kartzelan ez sartzea nahiago lukeela nabarmendu duen arren, Justizian ari diren gizon-emakumeen zintzotasunean konfiantza duela erantsi du. "Justiziari utzi egin behar zaio bere bidea egiten, eta egia da zenbait alditan Justiziak ez dakiela baldintza politiko berrietara egokitzen legearen irakurketa den bezalakoa delako. Nolanahi ere, ni ez nintzateke ausartuko esaten bulkada politiko bati erantzuten diola. Kontu honek denok inkomodatzen gaituela begibistakoa da, eta nahiago genukeela halakorik gertatu ez balitz. Baina nik beti pentsatzen dut Justiziak dabiltzan gizon-emakumeek gehienetan edukiko dutela zintzotasun eta ondradutasun minimo bat.", adierazi du.
Dauzkadan elementuekin espetxeratzearen atzean bulkada politikoa dagoela ezin duela baieztatu esan du Etxezarretak, eta ildo horretatik, larria iruditzen zaiola "frogarik gabe" Jaurlaritzak hala dela baieztatzea.
Espainiako Gobernuak "mintzakiderik gabeko ezker abertzale ahula" nahi duela uste du Barrenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu