"Jaurlaritzako bozeramaileak galdetu du ea hau den demokrazian jokatzeko modua, eta erantzuna, noski, argi eta garbi, ezezkoa da", erantzun du Pernando Barrena Batasuneko bozeramaileak ETB2ko El Punto saioan Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak atzo egin zituen adierazpenei buruz galdetu diotenean.
Barrenak argi esan du hori ez dela demokrazian aritzeko era, baina egun Espainiako Estatuan bizi dena demokrazian den zalantzazkoa iruditzen zaiolako. "(Ez da demokrazian jokatzeko modua) guk zalantza serioak ditugulako hau demokrazia bat den edo Zuzenbide Estatu batean ote gauden. Horren adierazgarri da, ez bakarrik ETA bezalako erakunde batek atzo Bilbon egin zuena egitea, baizik eta baita ere Espainiako Gobernuraen apostua dela lan politikorako, ildo demokratiko eta instituzionaletarako bide guztiak ixtea", azpimarratu du.
Barrenaren iduriko ezker abertzalea izan da azken urteetan "konfrontazio biolento eta armatua konfrontazio politiko eta demokratiko" bihur dadin ahalegin handiena egin duena. Aldiz, Espainiako Gobernuak "atxiloketa eta jazarpenen bidez" lan hori moztuz erantzun diola adierazi du.
Ildo horretatik, eskubide urraketak ez dituela gatazkako alde bakarrak egiten nabarmendu du Barrenak, eta konponbide eta elkarrizketa eszenatoki bat sortzeko ezinbestekoa dela alde guztiek lagatzea bertan behera urraketa horiek. "Uste dut eskubideak alde askotatik urratzen diren eszenatoki batean gaudela. Azken hilabeteetan sarri defendatu dugu edozein elkarrizketa eta konponbide prozesuk behar duela indarkeriarik gabeko ikuspegi bat eragile guztien aldetik. Su-etenaz geroztik ikusi dugu iksupegi hori alde guztiek landu behar dutela; ez dela nahikoa konpromisoa eragileetako batek bakarrik hartzea. Beste berme batzuk behar dira".
Azkarateren erantzuna
Miren Azkaratek gaur esan duenez, "Batasunak azalpenak eman behar dizkio gizarteari, baita [azken bozetan] euren botoarekin bake prozesua eraikitzen lagunduko zutela uste zutenei ere". Batasuna ez zen aurkeztu maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan, baliogabetu egin zutelako Espainiako auzitegiek.
Gasteizen egin ditu adierazpenok Jaurlaritzaren bozemaraileak, atzoko atentatua salatzeko egindako elkarretaratzearen ondotik. "ETAk autista, gor eta mutu segitzen du gizarteak eskatzen dionaren aurrean. Baina ETAk ez gaitu geldituko, aurrera segituko dugu".
Espainiakoa demokrazia den zalantzazkoa dela erantzun dio Barrenak Azkarateri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu