Pernando Barrena arduratuta agertu zen atzo Xabier Lopez Peña presoaren egoeraren gainean. Haren arabera, "euskal preso politikoekin, senide eta lagunekin erruleta errusiarrera jokatzen dute Madrilek eta Parisek".
Lopez Peña presoaren gertukoei "elkartasuna eta babesa" adierazi zien atzo Barrenak. "Beste behin ere beste albiste kezkagarri bat heltzen da espetxe batetik", azaldu zuen.
Barrenak Anjel Figueroaren kasua eta Jabi Martinez presoaren bi lagunek izandako istripua ere gogoan izan zituen. Uste du Espainiako eta Frantziako Gobernuek "espetxe politika kriminala" baliatzen dutela "bakearen eta irtenbideen aurkako arma" gisa. Politika hori "behin betiko" alboratzeko deia egin die.