Edurne Begiristain
Goizeko hamaikak eta bost inguru zirela ekin zion atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentegaiak inbestidura saioko hitzaldiari. Ordubeteko mintzaldian, besteak beste, Espainiako Konstituzioaren eta Estatutuen erreformaz mintzatu zen, zehaztazun handirik gabe, hala ere. Estatutuak erreformatzearen alde agertu zen Zapatero, betiere Espainiako Konstituzioaren mugen barne egiten bada, eta «adostasun politiko eta sozial» zabala lortzen badute. Espainiako Konstituzioaren erreforma «zehatza eta mugatua», berriz, eremu horretatik kanpo utzi zuen.
Espainiako Konstituzioaren aldaketa «mugatua» ere proposatu zuen PSOEko hautagaiak, besteak beste, Senatuaren erreforma gauzatzeko. Bestalde, Terrorismoaren aurkako Ituna indarrean dagoela baina alderdi guztiei zabaltzeko asmoa duela adierazi zuen.
Estatutuen erreformak: Estatutuen erreformak onartzeko prest agertu zen Zapatero, baina bi baldintza jarri zituen aldaketa horiek egiteko: Konstituzioa errespetatzea eta «adostasun politiko eta sozial zabal» batekin onartuak izatea. Estatutu erreformak «gizarte kohesioa» handitzeko balio behar dutela adierazi zuen, eta ez «haustura, liskarra edota Komunitatearen barruko gatazkak» sortzeko. Erreforma horiek aurrera eramateko «indarrak ahitu» arte hitz egiteko prest agertu zen Zapatero, eta PPri eztabaida horretan parte hartzeko deia luzatu zion. Estatutuak erreformatzea «normala» dela iritzi zion, eta autogobernuak «indartzeak» ez duela Estatuaren funtsari zertan eragin behar gaineratu.
Elkarrizketa Instituzionala: Autonomia Erkidego guztiekin elkarrizketa politikoa berreskuratu nahi duela adierazi zuen PSOEko hautagaiak. Horretarako, uda aurretik Erkidego guztietako presidente guztiekin bilduko dela agindu zuen. Bilera horiek gutxienez urtean behin egin nahi ditu Zapaterok. Era berean, udazkenerako erakidegoetako lehendakarien Konferentzia sortu nahi duela esan zuen. Ildo horretan, «kolore guztietako» alderdi politikoekin hitz egiteko konpromisoa hartu zuen, baita Alderdi Popularrarekin ere.
konstituzioaren erreforma: Espainiako Konstituzioaren aldaketa «mugatua eta zehatza» proposatu zuen Zapaterok, beti ere erreforma Konstituzioa bera «indartzeko» asmoz. Hain justu, erreforma hori lau arlotan egin nahi du: Senatuaren erreforma gauzatzeko, Espainiako Koroaren oinordekotzan «emakumeei berdintasuna emateko», Konstituzioaren testuan ageri ez diren 17 erkidegoak sartu eta behin-betiko Estatuaren zati izateko, eta Europako Konstituzioari aipamen egiteko. Senatuaren erreformari dagokionez, «ezinbestekotzat» jo zuen aldaketa hori: «Espainiaren kohesioa eta egituraketa indartzeko eta erkidegoen identitatea defendatzeko».
Indarkeria: «Terrorismoaren» eta haren kontrako borrokaren inguruan egin zituen lehenbiziko hitzak Espainiako presidentegaiak. Gobernu berriaren lehentasuna «mota guztietako terrorismoaren aurkako» borroka izango dela esan zuen. Borroka horretan aurrera egiteko eta indartzeko, Espainiako segurtasun indarren arteko koordinazioa hobetzeko saioa egingo duela esan du, eta horretarako, aginte bakar bat eratuko duela. Ildo horretan, Jaurlaritzaren eta Kataluniako Generalitatearekin segurtasun arloko harremanak garatzea proposatu zuen, Ertzaintzaren, Kataluniako Poliziaren eta Espainiako Segurtasun Indarren arteko koordinazioa hobetzeko. Nolanahi ere, «terrorismoaren kontrako borrokak» ez duela askatasunen murrizketarik eragin behar azpimarratu zuen, eta indarkeriaren «erabilera politikoa» gaitzetsi zuen. Bestalde, Espainian legegintzaldi honetan 36.000 polizia gehiago egongo direla iragarri zuen.
PP-PSOE Ituna: PPrekin hitzartutako Itunak indarrean jarraitzen duela adierazi zuen, baina hitzarmen hori alderdi guztiei zabaldu nahi die Zapaterok. Horrela, gobernua eratu eta berehala, «estrategia bateratuta adosteko» alderdi guztiekin Itun horren inguruko batzarra egingo duela iragarri zuen. Era berean azpimarratu zuen Itun hori ez doala alderdi abertzaleen aurka, eta «begirunea» adierazi zien Itunari babesa eman ez dioten alderdiei.
Kultura: Kultura Estatu gaia izatea proposatu zuen Zapaterok. Espainiako Gobernuak «Espainiako kulturak eta hizkuntzak» nazioartean hedatu behar dituela adierazi zuen.
Espainia / Inbestidura saioa
Estatutuak Konstituzioa aldatu gabe egokitu nahi ditu Zapaterok
Terrorismoaren aurkako Itunari eutsi eta beste alderdiei zabaldu nahi diela esan zuen inbestidura saioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu