Kataluniako Legebiltzarrak onartutako estatutuak 227 artikulu ditu orotara egun indarrean dagoena baino 170 artikulu gehiago. Zazpi ataletan banatzen da eta guztira 52 orrialde ditu.
Hitzaurrea: Oinarrien dekalogo bat jasotzen da. Katalanek euren etorkizuna zehazteko askatasuna dutela esaten da bertan. Zoriontsuak izateko eskubidea ere badutela dio hitzaurreak.
Atariko atala: Katalunia nazio bat dela eta erakunde propioak dituela dio. Autodeterminazio eskubidea eta eskubide historikoak onartzen ditu. Generalitatea estatu bat dela zehazten du eta alde biko harremana izango du Espainiarekin. Arango bailara errealitate nazionala dela jasotzen da eta bertako hizkuntza, aranera, ofiziala Katalunian. Katalana, berriz, jakin beharreko hizkuntza da.
I. atala: Hogeita bi eskubide eta betebehar jasotzen dira. Hezkuntza publikoan laikotasuna bermatzen da nahiz eta gurasoek euren seme-alabek erlijioa ikastea aukeratzeko eskubidea izango duten.
II. atala: Lurralde antolaketari dagokionez veguerietan eta udaletan banatzen da. Katalunia historikoki veguerietan banatzen zen.
III. atala: Kataluniako Justizia Auzitegi Gorenak botere judizialaren erakunde nagusia da. Kataluniako Justizia Kontseiluaren sorrera jasotzen da. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren parekoa litzateke erakunde hori.
IV. atala: Eskumen esklusiboak eta partekatuak jasotzen dira. Generalitateak eskumen esklusiboak blindatuta edukiko ditu. Madrilek eskumen horiek bereganatzea saihetsi da horrela. Hezkuntzaren eta kulturaren ingurukoak dira nagusiki eskumen esklusiboak. Immigrazioaren alorrean ere eskumen propioak izango ditu. Kataluniako kirol selekzioek nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera izango dute. Erreferendum bidez herri galdeketak egiteko eta telekomunikazioak kudeatzeko eskumenak ere jasotzen dira.
V. atala: Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko epaileak izendatzeko prozesuetan parte hartzeko aukera izango du Generalitateak. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kontseilariak izendatzeko prozesuetan ere bai. Generalitateak, halaber, atzerri politikarako gaitasuna izango du, bereziki Europako Batasunarekin zerikusia duten erabakietan. Europako hauteskundeetan barruti bat izango da Katalunia.
VI. atala: Finantzaketa sistema jasotzen da bertan hauxe izan da adostasuna azken unean lortzeko arazo nagusia. Generalitateak zerga guztiak bildu eta arautuko ditu. Kataluniako Zerga Agentzia arduratuko da zergak kudeatzeaz, biltzeaz, likidatzeaz eta ikertzeaz. Espainiarekin hitzarmen bat sinatuko du Kataluniako Zerga Agentziak. Espainia eta Generalitatearen arteko harremana alde bikoa izango da eta horretarako batzorde misto bat eratuko da. Madrili zergen bidez jasoko dituen irabazien parte bat emango dio Generalitateak. Batzordeak urtero egin beharreko ekarpena zehaztuko du. Espainian ekonomikoki gutxien garatu diren autonomia erkidegoekin elkartasun kuota bat emango du Generalitateak. Bost urtean behin berrikusiko da finantzaketa sistema.
VII. atala: Legebiltzarreko diputatuen bi herenen babesa beharko da estatutua erreformatzeko, hau da, gehiengo kualifikatua gaur egun bezala. Arestian jasotako atal guzti horietaz gain, lege proposamenak hamaika xedapen gehigarri, aldi baterako hiru xedapen, behin-behineko bost xedapen eta xedapen indargabetzaile bat jasotzen ditu. Azken xedapen honek baimenduko luke gaur indarrean dagoen estatutua ordezkatzea. Kataluniako Legebiltzarreko presidente Pasqual Maragallek urriaren 5ean eraman zion estatutua Espainiako Kongresuko presidente Manuel Marini.
Estatutuaren artikulu nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu