ETAk dio igandetik aurrera "faxismoaren parlamentua" izango dela Gasteizkoa

2009ko otsailaren 28a
18:39
Entzun
Martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez egindako "hausnarketan", ETAk Gara egunkariari igorritako agirian dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeak "antidemokratikoak" izango direla, "hauteskunde iruzur eta maula politiko erraldoia". Hala, erakunde armatuaren ustez, "martxoaren bitik aitzin Gasteizko parlamentua antidemokratikoa izanagatik inoiz baino espainolena izango da. Faxismoaren parlamentua izango da, garaiko udaletxe frankisten zilegitasun demokratiko berez osatua, bandera espainola eta guzti. Horra hor PSOEren 'aldaketa'".

Espainiako Estatuak, ETAren iritziz, "independentismoa kartzelaratu eta botere guneetatik botatzeko estrategia faxistan beste urrats bat eman du" modu horretara.

Hala ere, ETAk dio EAJ dela ezker abertzalea legez kanpo uzteko "interes handiena" duena. "Ez horrek Gasteizko parlamentuan aulki batzuk gehiago edukitzea ahalbideratuko diolako soilik, Ezker Abertzalea eta independentismoa PNVren interes ezkutuen eta apustu politikoaren oztopo erreal bakarra delako. PNVrentzat independentismoa etsaia da".

EA, EB eta Aralar ere kritikatu ditu, "zurikeriaz egoera antidemokratikoa indarge salatzen duten bitartean, ilegalizazioak beren indar eta aukera elektoralak puzteko ematen dien aukera lehenetsiz kanpainari normaltasuna eskaintzen ageri direlako".

Iganderako deia

Egoera hori guztia igandean "hautestontzietan salatzeko" eskatu du erakunde armatuak. "Martxoaren lehenean eskenatoki demokratiko bat nahi dugunok, Euskal Herria aske batean sinesten dugunok, hitzordu bat dugu gure herriaren aldeko borrokan. Hitzordu bat eraso antidemokratiko berri hau salatzeko, autodeterminazioa aldarrikatzeko eta Estatutu berri baten aldeko apustua salatzeko".

Indar metaketa

ETAk Euskal Herriaren burujabetzaren alde dauden indarren metaketa beharko litzatekeela dio. "Aukerak bateratzetik etorriko dira", uste du. "Herri hau, ziklo autonomikoa gaindituz, beste eskenatoki nazional eta demokratikora eraman nahi dugunon bidea zabaltzetik etorriko da aukera. Arriskuak PNVek PSOErekin burutu nahi duen ziklo autonomiko berri baterako saioan lekutzen dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.