Abertzale guztiak zaku berean ez sartzeko eskatu du PSNko buruzagiak, eta ez du baztertu NaBairekin hitzarmena egitea. Dena den, Miguel Sanzen atzoko adierazpenak ere "atseginez" hartu dituela erantsi du.
Fernando Puras PSNko buruzagi eta zerrendaburuaren arabera, ETAk su-etena hautsi izanak ez du Nafarroako egoera poliltiko aldatu, eta gobernu hitzarmenak egite aldera iragarpenaren aurreko dinamika berean jarraitzen dute sozialistek. Hain zuzen ere, su-etenaren hausturak Nafarroako agenda eta ekimen politikoak baldintzatzea eragozteko asmoa duela nabarmendu du Ser irrati katean egin dioten elkarrizketan.
ETAren su-etenaren hausturaren harira, PSNri NaBairekin hitzarmenik ez egiteko eskaera zehatza egin zioten atzo PPko zenbait buruzagi eta sektore horren inguruko hainbat ahotsek. Eskera "interesatua" dela iritzi dio Purasek, eta abertzale guztiak "indarkeriaren aldekoak eta aspalditik sistema demokratikoko direnak eta konpromiso hori berretsi duitenak" zaku berean sartzea kritikatu du: "Ezin dira guztiak zaku berean sartu".
Miguel Sanz Nafarroako jarduneko presidente eta UPNko hautagaia orain arte baino lasaiago aritu zen atzo PSNk eta , oro har, PSOEk, ETAren inguruan izan duten politikaren inguruan. Su-etenaren apurketaren harira iragana atzera utzi eta etorkizunera begira PSNrekin batera aritzearen alde agertu zen. Azken hilabeteetako jarrera aldatu duela iritzita, Sanzen adierazpen horiek "atseginez" hartu dituela esan du Purasek.
ETAk su-etena hausteak ez duela Nafarroako egoera politikoa aldatu berretsi du Purasek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu