ETArekin "hausturarik" gauzatzen ez badu Espainiako Gobernuak ezker abertzalearen zerrenda guztien aurka egingo duela agertu du gaur Francisco Caamaño Justizia ministroak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Areago, atzo Gasteizen aurkeztutako akordioaren haritik EAren eta Alternatibaren zerrenden kontra ere egingo dutela iragarri du Caamañok "ETArekin zerikusia" duten pertsonak daudela sumatuz gero.
"Euskal gizarteak eta Espainiakoak jada bizi izan dute esperientzia hori. Norbaitek ETAren inguruarekin zerikusia izan duten pertsonak zerrendetan sartu izan dituenean, ordenamendu juridikoak erantzun du eta zerrenda horiek inpugnatu egin ditu", azpimarratu du.
Nolanahi ere, ezker abertzalearen barruan aldaketa igarri duela esan du Caamañok: "Ziur aski, bilakaera prozesu bat hasten ari dira, eta gauza batzuk aldatzen hasi dira". Gainera, aldaketa hori "norabide onekoa" dela erantsi du. Hala eta guztiz, bilakaera ez da oraindik behar bestekoa, Espainiako Justizia ministroaren iduriko: "Oraingoz, noranzko onean doazen jarrerak ikusi ditugu, baina bide handia geratzen da oraindik ibiltzeko".
"ETArekin zerikusia" duten pertsonak sumatuz gero, EAren eta Alternatibaren zerrenden kontra egingo du Espainiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu